EAEko hoteletako sarrerak eta gaualdiak hirukoiztu egin dira apirilean 2021eko datuen aldean

Archivo - Turistak  Bilbon
EUROPA PRESS - Archivo
Actualizado: viernes, 20 mayo 2022 13:06

Aste Santuan pandemiaren aurreko mailak gainditu dira sarrera eta gaualdiei dagokienez

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hotel establezimenduetako sarrerak eta gaualdiak hirukoiztu egin dira apirilean 2021eko hilabete bereko datuen aldean. Hain zuzen, sarrerak %207,4 gehitu dira, eta gaualdiak %206,1, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.

Guztira 288.487 sarrera izan dira apirilean, eta 534.916 gaualdi ekarri dituzte; 2021eko apirilean 93.844 sarrera eta 174.769 gaualdi izan ziren. Iazko apirilean hainbat mugikortasun murrizketa zeuden indarrean, besteak beste, autonomia erkidegoen perimetro itxiera Aste Santuan.

Atzerriko jatorriko pertsonen sarrerak guztizkoaren %38,8 izan dira aurtengo apirilean, eta gaualdiak %39,8; duela urtebete, aldiz, atzerriko jatorriko sarrerak guztizkoaren %14,1 izan ziren, eta gaualdiak %15,6.

Hotel establezimenduetako sarreren %12,7 Araban izan dira apirilean, %45,5 Bizkaian eta %41,8 Gipuzkoan. Gaualdietan, Araban 67.950 gau igaro dituzte bidaiariek, guztizkoaren %12,7; Bizkaian 242.822 gaualdi izan dira, orotarakoaren %45,4; eta Gipuzkoan 224.144 gaualdi zenbatu dira, EAE osoan izandako guztien %41,9.

Bestalde, sarrerak eta gaualdiak nabarmen gehitu dira hiru lurraldeetan. Sarreren kopuruari dagokionez, Bizkaia nabarmendu da, %228,0ko hazkundearekin; ondoren Gipuzkoa dator, %215,9koarekin, eta
azkenik Araba, %134,2koarekin. Gaualdiei dagokienez, urte arteko aldakuntza %229,2 izan da Gipuzkoan, %226,9 Bizkaian eta %109,7 Araban.

Sarrera eta gaualdi kopuruak ere nabarmen egin du gora hiru hiriburuetan. Sarrerak %125,3 gehiago izan dira Gasteizen, %284,9 gehiago Bilbon eta %257,7 gehiago Donostian. Antzera, gaualdiak %107,0 igo dira Gasteizen, %319,4 Bilbon eta %297,2 Donostian.

EAE osotara harturik, apirileko batez besteko egonaldia 1,85 egunekoa izan da, joan den urteko hilabete berean lorturikoaren antzekoa, 1,86 egunekoa izan baitzen.

Halaber, apirileko okupazio mailak %53,5era iritsi dira EAEn plazen arabera neurtzean, eta %62,1era logelen arabera neurtzean. Iazko apirilarekin alderatuta, igoerak %29,9 eta %31,4 puntukoak izan dira, hurrenez hurren.

ASTE SANTUA

Bestalde, aurtengo Aste Santuan 51.974 sarrera zenbatu dira EAEko hotel establezimenduetan, %87,4 gehiago aurreko urtekoen aldean. Gaualdiak %126,0 gehitu dira, eta 107.475 izan dira orotara. Hortaz, pandemiaren aurreko mailak gainditu dira sarrera eta gaualdiei dagokienez: 2019ko Aste Santuan 46.969 sarrera eta 101.980 gaualdi erregistratu ziren.

Okupazio mailak, urte arteko terminoetan, %78,9 izan dira plazaka eta %81,9 logelaka, EAE osoan oro har. Portzentaje horiek %32,8 puntuko hazkundea dakarte plazen arabera neurtuz gero, eta %33,1 puntukoa logelen arabera neurturik. Hala lurraldeetan nola hiriburuetan, aldagai horien balioak bat datoz EAEkoekin.

Jatorri atzerritarreko turistak sarrera guztien %31,5 izan dira, eta gaualdien %29,1. Hala, gora egin dute pandemiak markaturiko 2021eko Aste Santuaren aldean: %580,1 eta %619,4, hurrenez hurren. Espainiako Estatuko jatorriko turismoak ere aurreko urtean baino datu hobeak izan ditu: sarrerak %40,5 gehitu dira, eta gaualdiak %76,3.

Lurraldeka, aurreko Aste Santuaren aldean positiboa izan da jokamoldea, intentsitate ezberdinetan: Araban %33,7 gehitu dira sarrerak, Gipuzkoan %72,6 eta Bizkaian %130,1. Era berean, gaualdietan aldaketa positibo hauek gertatu dira: %34,7 Araban, %113,1 Gipuzkoan eta %196,3 Bizkaian.

Joera bera ikusten da hiru hiriburuetan, are hazkunde handiagoekin. Bilbo nabarmendu da, sarreretan %141,4ko igoera izan baitu, eta gaualdietan %226,6koa; Donostian %85,9 sarrera gehiago izan dira, eta %128,8 gaualdi gehiago; Gasteizen, azkenik, sarrerak %42,7 hazi dira, eta gaualdiak %44,7.