EAEko industria jarduera %4,9 hazi da urrian

Archivo - Industria langile bat.
SPRI - Archivo
Actualizado: lunes, 5 diciembre 2022 10:41

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) industria produkzioa %4,9 gehitu da urrian, lan egutegiko baldintza homogeneotan, 2021eko hil beraren aldean. Irailarekin alderatuta, berriz, EAEko industria jarduera %2,5 hazi da, urtaro ondorioak behin zuzenduta, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.

Urriko indizearen bilakaerak portaera positiboa izan du industria sektore handi guztietan 2021ko hil beraren aldean: ekipo ondasunak eta kontsumo ondasunak %5,7na igo dira, energia %4,7 eta bitarteko ondasunak %4,0.

Maila bereiziagoan, EAEko industrian pisu handiena duten zortzi sektoreetako batek ere ez du beherakadarik izan bere ekoizpenean, eta makineria eta ekipoak (%10,5), garraio materialak (%10,3) eta energia elektriko, gas eta lurrunak (%6,7) izan dituzte hazkunderik handienak. Material eta ekipo elektrikoa (%2,1) eta zura, paper eta arte grafikoek (%1,8), aldiz, hazkunderik apalagoak izan dituzte.

Lurraldeak kontuan hartuta, industria produkzioaren indizearen urte arteko bilakaera positiboa izan da urrian hiruretan: Araban %7,5 hazi da industria jarduera, Gipuzkoan %4,4 eta Bizkaian %3,8.

Azkenik, urtarriletik urrira bitartean industria sektorean metatutako hazkundea %6,1ekoa izan da, energiaren eta ekipo ondasunen portaera onaren ondorioz, %14,1eko eta %9,9ko hazkunde metatuak izan baitituzte, hurrenez hurren. Lurraldeka, hiru lurraldeetan nabaritu dira tasa metatu positiboak: %7,5ekoa Bizkaian, %6,3koa Araban eta %4,8koa Gipuzkoan.