EAEko industria prezioak %1,4 igo dira irailean aurreko hilaren aldean eta urte arteko tasa %9,6 da

Archivo - Industria
IREKIA - Archivo
Actualizado: miércoles, 20 octubre 2021 12:56

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) industria prezioak %1,4 igo dira irailean aurreko hilaren aldean, eta horrela, iraileko urte arteko tasa %9,6koa da, Eustat euskal estatistika erakundeak landutako datuen arabera.

Azterketa xeheagoa eginda, kokeriak eta petrolioa fintzeak (%5,2), energia elektriko, gas eta lurrunak (%4,0) eta ehungintza, jantzigintza, larrugintza eta zapatagintza (%3,9) sektoreek izan dituzte irailean prezioen gorkadarik handiena, aurreko hilaren aldean.

Aitzitik, botiken fabrikazioa (-%0,8), metalurgia eta produktu metalikoak (-%0,3) eta industria kimiko eta ura (-%0,3) izan dira prezioetan hilabete arteko jaitsierarik handienak izan dituzten sektoreak.

Ondasunen helburu ekonomikoaren araberako sailkapenari jarraituz, prezioen aldaketak askotarikoak izan dira irailean aurreko hilaren aldean. Horrela, energiaren prezioak %4,9, ekipo ondasunenak %1,5 eta kontsumo ondasunenak %0,7 igo dira; aitzitik, bitarteko ondasunen prezioak %0,2 jaitsi dira.

Urte arteko aldian, prezioen hazkunderik handienak adar hauetan gertatu dira: kokeriak eta petrolioa fintzea (%40,4), metalurgia eta produktu metalikoak (%16,3) eta industria kimikoa (%9,7). Alderantzizko noranzkoan, ehungintza, jantzigintza, larrugintza eta zapatagintzaren (-%4,0), garraiorako materialen fabrikazioaren (-%2,7) eta erauzketa industrien (-%0,2) prezioak jaitsi egin dira.

Helburu ekonomikoaren araberako ondasun-talde handien prezioen urte arteko aldakuntza positiboa izan da denentzat: energiarenak %24,8 igo dira, bitarteko ondasunenak %10,3, ekipo ondasunenak %0,9 eta kontsumo ondasunak %2,7.