EAEko Lanbide Heziketak 5.780 plaza gehiago eskainiko ditu datorren ikasturtean

Archivo - Lanbide Heziketako ikasleak
DEPARTAMENTO DE EDUCACIÓN - Archivo
Actualizado: miércoles, 8 mayo 2024 12:50

BILBO, 8 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Lanbide Heziketak 64.105 plaza eskainiko ditu datorren ikasturtean, egungoan baino 5.780 gehiago, hain zuzen ere. Izena emateko epea zabalik dago jada, eta maiatzaren 24an itxiko da.

Horrela jakinarazi dute asteazken honetan Lanbide Heziketako jarduneko sailburuorde Jorge Arevalok eta Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen jarduneko zuzendari Rikardo Lamadridek.

Bada, 2024-2025 iaksturteari begira, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak "nabarmen" handitu du Lanbide Heziketako eskaintza, 5.780 plaza berri sortu baititu. Horrek esan nahi du Lanbide Heziketako ikastetxeetan 244 talde berri sortzea.

Prestakuntza mailen arabera, 5.780 plaza berri horietatik gehienak goi mailako heziketa zikloetan sortuko dira: oinarrizko mailako zikloetan 780 plaza gehiago, erdi mailakoetan 1.950 gehiago, goi mailakoetan 2.690 gehiago eta espezializazio ikastaroetan 360 gehiago.

Ikastetxeen sareari dagokionez, 5.780 plaza berrietatik gehienak sare publikoko ikastetxeetarako sortu dira (4.005 gehoago); itunpeko ikastetxeen sarean 1.775 plaza berri sortu dira.

Datorren ikasturterako onarpen prozesuaren berritasun nagusia da C graduak (ziurtagiri profesionalak) eta ibilbide integratuak egiteko ere ireki dela. C graduak, lehentasunez, jardunean edo langabezian dauden langileei eskaintzen zaizkien irakaskuntzak dira.

Lanbide Heziketako Eskaintza Modular Malguaren parte izanik, C graduen ezaugarria da ikasleak titulu bateko moduluetako batzuetan soilik matrikulatzen direla (ez titulu bateko modulu guztietan), eta amaitzean, ziurtagiri profesional bat lortzen dutela.

Ikasle horiek Eskaintza Modular Malguaren bidez egiten eta gainditzen duten guztia metatu egin daiteke, titulu bat lortu arte (titulua osatzen duten modulu guztiak osatzen dituztenean), azken helburua hori badute.

Bestalde, ibilbide integratuen helburua da Lanbide Heziketako oinarrizko maila hasten duen pertsona batek erdi mailako ikasketak egiten jarraitu ahal izatea ikastetxe berean (oinarrizko maila amaitzean). Horregatik, lau ikasturteko ibilbidea da (bi oinarrizko mailakoak eta bi erdi mailakoak). Lehenengo bi urteak igarota, DBHko graduatu titulua eta oinarrizko teknikari titulua lortuko ditu, eta hurrengo bi urteak amaituta, teknikari titulua (erdi mailakoa).

Azkenik, espezializazio ikastaroak urtebeteko iraupena duten ikastaroak dira. Erdi mailako edo goi mailako heziketa ziklo bat amaitu duten ikasleentzat dira, eta egin duten zikloarekin lotura estua duen arlo edo eremu espezifiko batean espezializatzeko aukera ematen diete.

IZEN-EMATEAK

Datorren ikasturterako onarpen eskaerak aurkezteko epea zabalik dago maiatzaren 24ra arte (egun hori barne), hurrengo ikasturtean maila edo gradu hauetakoren batean Lanbide Heziketako ikasketak hasi nahi dituzten ikasleentzat.

Interesa duten ikasleek bi bide izango dituzte eskaerak aurkezteko. Alde batetik, izen-emateak sarean egin daitezke, http://www.euskadi.eus/hezkuntza web orrian, eta, bestetik, modu presentzialean Lanbide Heziketako ikastetxeetan bertan, ikastetxeko idazkaritza ordutegian.

Matrikula hiru fasetan edo epetan formalizatzen da -bakoitzean plazak esleitzeko prozedura egingo da-, ikasle eskatzaile gehienek beren lehenengo aukeran matrikulatu ahal izatea bermatzea helburu hartuta.

Inor plazarik gabe gera ez dadin, Hezkuntza Sailak ikasleei gomendatu die eskaera egitean gutxienez hamar plaza adieraz ditzatela, lehentasunen araberako hurrenkeran. Pertsona bakoitzak eska dezakeen plaza kopuruak ez du mugarik.

BirtLHren (Ikaskuntza Birtual eta Digitalizatuen Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua) bidez urrutiko heziketa zikloren bat egiteko izen-emate epea berbera izango da eta maiatzaren 24ra arte dago zabalik. BirtLHk erdi mailako edo goi mailako urrutiko heziketa zikloak egiteko aukera ematen du, modalitate erdipresentzialean.

Guztira 182 ikastetxek eskainiko dute EAEn 2024-2025 ikasturtean Lanbide Heziketa ikasteko aukera. 158 titulazio desberdin ikasteko aukera izango da, baita 22 espezializazio-ikastaro eta 39 ziurtagiri profesional ere, guztiak 23 lanbide arlotakoak.

2023-2024 ikasturtean 49.000 ikasle baino gehiago ari dira ikasten EAEn Lanbide Heziketako zikloren batean edo espezializazio ikastaroren batean, edozein modalitatetan: presentziala, urrutikoa edo eskaintza partziala.

Contador