EAEko ogasunek 14.706 milioi euro bilduko dituzte aurten, aurreikusitakoa baino %2,2 gehiago

Herri Dirubideen Euskal Kontseilua
IREKIA
Actualizado: jueves, 11 octubre 2018 15:03

GASTEIZ, 11 (EUROPA PRESS)

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru ogasunek 14.706,5 milioi euro bilduko dituzte 2018an zerga itunduen bidez, aurreikusitakoa baino 315,2 milioi gehiago, hau da, %2,2 gehiago, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren zenbatespenen arabera.

Herri Dirubideen Euskal Kontseilua Gasteizen bildu da, ostegun honetan. Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek eta Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak osatzen dute kontseilua.

Aurreikuspenen arabera, 2019an Euskadiko ekonomiak aurreko urteko erritmo berean jarraituko du hazten, eta BPG nominalaren hazkundea %3,8 ingurukoa izango da. Zerga itunduen araberako diru bilketaren bilakaera ekonomiaren hedapen horrekin lerrokaturik egotea espero da, eta zenbatetsi da foru aldundiek 15.265,4 milioi euro bilduko dituztela zerga itunduen bidez. Zifra hori diru bilketaren 2018rako itxiera aurreikuspena baino % 3,8 gehiago da.

Foru aldundiek erakunde komunei egingo dizkieten ekarpenei dagokienez, ezarri da 10.155 milioi euroko ekarpen globala egingo zaiela 2019an honako ekarpen koefiziente horizontalen arabera: Arabak %16,38, Bizkaiak %50,41 eta Gipuzkoak %33,21.

Egokitzapenerako Funts Orokorraren 2019rako behin behineko zenbatekoa 114,3 milioi eurokoa izango da. Funts horren finantzaketaren %70,04 Eusko Jaurlaritzari egokituko zaio, eta gainerako %29,96 foru aldundiei, bakoitzak bere koefiziente horizontalen arabera.

Azkenik, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak berriro erabaki du 2019ko ekitaldirako 20 milioi euroko ezohiko funtsa eratzea, gizarte zerbitzuen eta prestazioen zorroa garatzeko jarduerak finantzatzeko.