Eguraldia.- Giro egonkor eta eguzkitsuak jarraituko du

Publicado: sábado, 28 marzo 2020 7:05

BILBO, 28 Mar. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, larunbat honetan, martxoaren 28an, giro egonkorrarekin eta eguzkitsuarekin jarraituko dugu. Ez dugu aldaketa nabarmenik espero, tenperatura maximoen igoera txiki bat besterik ez. Goizean goiz behe lainoa sortuko da eta izotza egingo du, baina ostiralean baino leku gutxiagotan eta txikiagoa. Zerua nahikoa garbi egongo da eta ekialdeko haize suabea ibiliko da.

Tenperatura 15-17 gradu ingurura hel daiteke. Hiriburuetan, Bilbon 6 gradu espero dira gutxienez eta 16 gehienez, Donostian 5 gutxienez eta 16 gehienez, Gasteizen 0 gutxienez eta 15 gehienez, eta Iruñean 0 gutxienez eta 16 gehienez.

Itsasoan hego-osagaiko haizea ibiliko da, 2-3ko indarrarekin, eta eguerdi inguruan ipar-ekialdera egingo du; itsaso kizkurra edo itsaskirria eragingo du. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak metro bateko inguruko olatuak altxatuko ditu. Itsasgora 17:48an izango da, eta itsasbeherak 11:42an eta 23:59an. Uraren tenperatura 12-13 gradukoa da eta ikus-eremua hamar kilometrotik gorakoa izango da.