Eguraldia.- Hodei ugari eta euria ostegunean

Abuztuaren 15eko eguraldi mapa.
EUSKALMET
Publicado: miércoles, 14 agosto 2019 17:49

DONOSTIA, 14 Ago. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, ostegunean, abuztuaren 15ean, fronte txiki bat iritsiko da eta ipar-mendebaldeko haizearekin batera, hodei ugari espero ditugu eta euri apur bat ere bai. Zerua nahikoa hodeitsu egongo da, egunaren lehen zatian bereziki, eta orduan zirimiria edo euri txikia egin dezake ipar partean.

Arratsaldean arintzera egingo du; guztiz atertuko du eta hodeitza saretuz joango da. Ipar-mendebaldeko haizea gailenduko da, eta hasieran zakar samar ibiliko da kostaldean.

Tenperatura maximoek behera egingo dute eta iparraldean giro freskoa izango dugu. Bilbon 17 gradu espero dira gutxienez eta 21 gehienez, Donostian 15 gutxienez eta 21 gehienez, Gasteizen 12 gutxienez eta 22 gehienez, eta Iruñean 15 gutxienez eta 25 gehienez.

Itsasoan norabide aldakorreko haizea ibiliko da, 2ko indarrarekin; arratsaldean ipar-mendebaldetik finkatuko da, 2-3ko indarrarekin. Itsaso kizkurra eragingo du, itsaskirriko guneekin arratsaldetik aurrera. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 0.5 metro inguruko olatuak altxatuko ditu.