Eguraldia.- Nabarmen kaskartuko du arratsalde-gauean

Ostiraleko iragarpena
EUSKALMET
Publicado: viernes, 1 febrero 2019 7:05

BILBO, 1 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, ostiral honetan, otsailaren 1ean, arratsaldean eta gauean eguraldiak kaskartzera egingo du nabarmen. Arratsaldetik aurrera, eta gauean bereziki, giro haizetsua eta euritsua izango dugu; prezipitazioa erruz egingo du, ipar-mendebaldeko haizeak zakar joko du eta tenperaturak behera egingo duenez, egunaren amaieran elur kota 700 edo 800 metro inguruan egongo da. Gainera, gauean zaparradak trumoitsuak izan daitezke eta txingorra egin dezake, bereziki ipar partean.

Goiz partean eta eguerdi aldera, berriz, haizeak mendebal/hego-mendebaldetik zakar joko du eta tarteka euri txikia egin dezakeen arren, aterrune luzeak izango ditugu. Tenperatura maximoak jaitsi egingo dira. Hiriburuetan, Bilbon 6 gradu espero dira gutxienez eta 13 gehienez, Donostian 6 gutxienez eta 12 gehienez, Gasteizen 2 gutxienez eta 9 gehienez, eta Iruñean 4 gutxienez eta 10 gehienez.

Itsasoan hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, 6-7ko indarrarekin, eta itsaskirria edo itsaskia eragingo du. Egunaren bigarren partean haizeak ipar-mendebaldera aldatuko du, 6-7ko indarrarekin, eta itsaso zakarra edo oso zakarra eragingo du. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak goizaldean 2 metro inguruko olatuak altxatuko ditu, eta egunak aurrera egin ahala handitu egingo dira, gauean 4 metro ingurukoak izan arte. Itsasgora 14:07an izango da, eta itsasbeherak 07:37an eta 19:56an. Uraren tenperatura 12-13 gradukoa da eta ikus-eremua bat eta lau kilometro artekoa izango da.