EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Jaurlaritzaren Enplegua eta Ekonomia Suspertzeko Plana kritikatu dute

Publicado: martes, 28 marzo 2017 17:39

BILBO, 28 Mar. (EUROPA PRESS) -

EH Bildu eta Elkarrekin Podemos koalizioek Eusko Jaurlaritzak astearte honetan aurkeztu duen Enplegua eta Ekonomia Suspertzeko 2017-2020 Esparru Programa kritikatu dute. Iñigo Urkullu lehendakariak aurkezturiko planak 8.800 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du 2020ra arte, ekonomia suspertzeko eta langabezia %10etik behera jaisteko.

Modu honetan, EH Bilduk "benetako mamirik gabeko propagandatzat" hartu du plana, "finean, betiko zifrak eskaintzen zaizkigulako beste era batean antolatuta", Iker Casanova legebiltzarkideak salatu duenez.

Bere esanetan, "propaganda ariketa besterik ez da". Izan ere, "plana arretaz aztertuz gero, ikusten dugu aurtengo aurrekontuetan inbertitzen diren kopuru berberak lau aldiz biderkatuta aurkezten zaizkigula propaganda efektu hori lortzeko", salatu du.

Bestalde, Lander Martinez Elkarrekin Podemosen Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak plana kritikatu du "ez duelako zuzenean eragiten" lan merkatuan, baizik eta lanpostuen sorrera "sustatzera" bakarrik mugatzen dela.

Horrez gain, programak bideratuko dituen inbertsioen eta laguntzen baldintzen inguruko "xehetasun gehiagoren" falta sumatu du. Halaber, enpresek jasoko dituzten laguntzek "kalitatezko" enplegua sortuko dutenaren "bermerik" existitzen den argitzeko eskatu dio Jaurlaritzari.