EH Bilduk proposaturiko euskara jakiteko eskubidea bermatzeko lege berria izapidetzearen alde agertu da Jaurlaritza

Josu Erkoreka
EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: martes, 13 noviembre 2018 12:53

GASTEIZ, 13 (EUROPA PRESS)

Eusko Legebiltzarreko EH Bildu taldeak erregistratu duen Euskara jakiteko eskubidea bermatzeko Lege proposamena izapidetzearen aldeko irizpena adierazi du astearte honetan Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak, Josu Erkoreka bozeramaileak iragarri duenez.

Halaber, Jaurlaritzak EH Bilduri gogorarazi dio proposatu duen lege berriaren helburu eta ekimenak XI. Legegintzaldirako Gobernu Programan eta 2020rako Euskararen Agenda Estrategikoan jaso direla jada, eta, hori dela eta, proposatutako eztabaidaren helburu nagusiak partekatzen dituela, hau da, euskararen ezagutza eta erabilera areagotzea, hizkuntza eskubideen bermean aurrera egitea eta euskararen lurraldeetan erakundeen arteko lankidetza sendotzea.

Era berean, Jaurlaritzak gogorarazi du euskararen erabileraren ingurukoak bakarrik ez diren zenbait eremutan ere eragiten duela ekimenak, besteak beste, hezkuntzan edo langile publikoen hizkuntza gaikuntzarekin lotutakoetan, eta laster Eusko Legebiltzarrari bidaliko dizkion lege proiektuetan aztertu eta eztabaidatuko direla, alegia, Hezkuntza Legean eta Euskal Enplegu Publikoaren Legean.

Bestalde, Lakuako Gobernuaren iritziz, euskararen ezagutza egiaztatzeko titulu eta ziurtagirien baliozkotzea, euskaraz egindako ikasketa ofizialen aitorpena eta euskarazko hizkuntza tituluen eta egiaztapenen salbuespena ez dira euskara jakiteko eskubideari buruzko lege batean sartzeko egokiak.

Azkenik, Jaurlaritzak nabarmendu du bere konpromisoa dela B2 mailara arteko doakotasuna lortzea euskararen irakaskuntzan. Era berean, adierazi du lanean ari dela beren mailak gainditzen dituzten ikasleek legozkiekeen diru laguntzak jaso ditzaten. Horrela, gaur egun aurrekontu sail batzuk aurreikusita daude konpromiso hori lortzeko eta, ohartarazi duenez, EH Bilduk egindako proposamenak gainkostu bat ekarriko luke, xede hori lortzeko bestelako irizpideak proposatzen baititu.