EHU saritu dute Genero Indarkeriaren aurkako Protokoloagatik

Nekane Balluerka errektorea Menina sariarekin.
EHU
Actualizado: martes, 24 noviembre 2020 14:06

GASTEIZ, 24 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Menina Saria jaso du astearte honetan Gasteizko Villasuso jauregian egindako ekitaldi batean, proiektu edo ekimen publiko atalean, 2018an onartu zuen Genero Indarkeriaren aurkako Protokoloagatik.

Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) duen Ordezkaritzak antolatzen ditu Menina Sariak, eta laugarren edizioa egin dute aurten. Emakumearen aurkako edozein indarkeria mota desagerrarazteko autonomia erkidegoko erakunde, elkarte, entitate eta norbanakoek egindako lana aintzatesten eta babesten dute sariek.

Ekitaldiaren buru Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria izan da, eta Nekane Balluerka errektoreak jaso du saria EHUren izenean. Espainiako Gobernuko lehen presidenteorde Carmen Calvok itxi du ekitaldia, 'streaming' bidez.

Halaber, euskal unibertsitate publikoarekin batera, Eibarko Udaleko Emakumearen Mahaiaren lana aitortu dute, euskal gizarte kolektibo atalean, eta Lourdes Pérez kazetaria eta Diario Vasco egunkariko zuzendariordea, genero indarkeriaren aurkako borrokan lan nabarmena egin duen euskal herritar moduan.

EHUren ustez, genero indarkeriak dakartzaten jarrerek, berdintasunerako eskubidearen eta pertsonen osotasun fisiko, psikiko eta duintasunerako eskubidearen aurka egiten dute. Horrela, 2018an onartu zuen Genero Indarkeriaren aurkako Protokoloa onartu zuen. Protokoloaren helburua da mekanismoak ezartzea da unibertsitateko espazio fisikotik kanpo zein barruan gertatzen diren genero indarkeriak identifikatzea eta haiei heltzea.

Horretarako, protokoloak ezartzen du zeintzuk diren EHUren ustez genero indarkerien kontzeptuan sartuta dauden jarrerak eta portaerak, zer egin dezaketen indarkeria horiek bizi dituzten pertsonek, zein den kasu horietan jarraitu beharreko prozedura eta zer neurri hartu behar dituen unibertsitateak pertsona horiei laguntzeko eta indarkeria horiek sortzen dituzten egoerei aurre egiteko.

Ikasle, administrazio eta zerbitzuetako langile, ikertzaile eta irakasle guztiei aplikatzen zaie protokoloa. Halaber, EHUko kolektiboetako kideei eta bertan zerbitzuak ematen dituzten unibertsitateak kontratatutako kanpoko enpresetako pertsonei ere aplikatzen zaie, bai eta aurreko kolektiboetako batean ere ez dauden baina EHUk emandako zerbitzuen erabiltzaile diren edo campusetan jarduerak egiten dituzten pertsonei ere.