EHUk 252 milioi euro lortu ditu azken bost urteetan ikerketa eta transferentziaren bidez

Ezkerretik eskuinera: Guillermo Quindos, Eva Ferreira eta Inmaculada Arostegi.
UPV/EHU
Actualizado: jueves, 2 mayo 2024 12:42

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) 252 milioi euro baino gehiago lortu ditu 2019tik 2023ra bitarte 257 ikerketa taldek proiektuetan eta kontratuetan egindako lanari esker. Talde horietan 3.400 ikertzailek egiten dute lan gaur egun, 2019an baino %14 gehiago.

Eva Ferreira EHUko errektoreak ostegun honetan emandako datu batzuk dira. Bilbon egindako prentsa agerraldian, Inmaculada Arostegi Ikerketako errektoreordeak eta Guillermo Quindos Zientzia eta Gizarte Garapen eta Transferentziako errektoreordeak ere hartu dute parte.

EHUko ordezkariek 2024-2027 aldiko III. Ikerketa eta Transferentzia Plana aurkeztu dute, baita 2019-2022 aldiko Ikerketa Planaren emaitza nagusiak ere. Era berean, datuak eguneratu dituzte 2023ko datuak emanez eta euskal unibertsitate publikoan azken bost urteetan egin den ikerketa jardueraren ikuspegi orokorra eskainiz.

Ferreiraren hitzetan, "Euskal Herriko Unibertsitateak ikerketa eta transferentzia bere unibertsitate proiektuaren ezaugarri bihurtu ditu. Hala erakusten du azken urteetan lortutako emaitzen bilakaera nabarmenak. Gure autonomia erkidegoko lehen ikerketa erakundea gara, eta ekoizpen zientifikoan Estatuko zortzi unibertsitate onenen artean gaude".

"Horregatik, plan berriaren helburu nagusiak dira nazioarteko proiekzioa indartzea, gure herrialdeko ikerketaren buru izaten jarraitzea eta emaitzak hobetzea, gure gizarteak egiten duen inbertsioaren balioa handitzeko eta haren ongizatean laguntzeko xede irmoarekin", azadu du.

Plan berria aurkeztu aurretik, EHUn 2019-2023 aldian egin den ikerketa jardueraren datu orokorrak eman dituzte. Horrela, aldi horretan lortutako diru sarrerek izan duten goranzko joera nabarmendu dute: 2019an 39,66 milioi euro izan ziren eta 2023an 69,02 milioi euro. Hala, 252.190.000 euro izan dira guztira aipatutako bosturtekoan.

Zehazkiago, EHUk doktorego aurreko eta doktorego ondoko 913 kontratu zituen 2023. urtearen amaieran (2019an 743). Aipatutako bost urteetan 2.214 doktorego tesi irakurri dira, eta horietako 949k nazioarteko aipamena dute (%43). Defendatutako doktorego tesietatik, %14 baino gehiago euskaraz egin dira, eta horien erdiek nazioarteko aipamena dute.

Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) jaso dituen 19 ERC laguntzetako 11 euskal unibertsitate publikoan daude (ERC Grants laguntzak 'Horizon Europe' programako proiektu entzutetsuenak dira, oso lehiakorrak: finantziazio iturria ikertzaile bikainentzat, zeintzuek aukeratzen duten laguntza gauzatzeko erakundea).

Bestalde, 243 pertsona etorri dira Marie Sklodowska-Curie (MSCA) nazioarteko mugikortasuneko programaren laguntzen bidez, eta hilabetetik gorako egonaldiak egin dituzte EHUn. 2019-2022 aldiko Ikerketa Plana indarrean egon den bitartean, EHUko 14.792 artikulu egon ziren indexatuta WoS webgunean (Web of Science), eta 15.525 Scopus-en. Bi datu base horiek mundu osoko ikertaldeen lanari buruzko aipamenak eta erreferentzia bibliografikoak jasotzen dituzte.

Jakintzaren transferentziari dagokionez, aztertu diren bost urteetan, balio erantsi handia duten oinarri teknologikodun 58 enpresa sortu dira. Era berean, 69 patente berri erregistratu dira.

Bestalde, enpresekin, erakundeekin eta elkarteekin elkarlanean gelak sortzeko ekimena indartu egin da, eta EHUk 50 gela aktibo ditu gaur egun. Horietako bost dira unibertsitatea-gizartea gelak, 28 unibertsitatea-enpresa gelak, eta 17 gela teknologiko eta instituzionalak. Sortutako gelen kopuruak nabarmen egin du gora azken urteetan, eta 2023an 13 gela berri sortu ziren.

III. PLANA

EHUk III. Ikerketa eta Transferentzia Plana onartu zuen gobernu kontseiluak apirilaren 24an egin zuen bileran. Plan hori 2024-2027 aldirako da, eta bere helburu nagusiak, EHUren nazioarteko proiekzioa eta lidergo soziala indartzea, ikerketa talde finkatuen parte hartzea sustatzea graduondoko prestakuntzan, ezagutzaren transferentzian eta dibulgazioan, eta unibertsitatea-enpresa-gizartea gelen sarea, unibertsitate katedrak, eta gizarte eta enpresa sarearekin elkarlanean aritzeko bestelako tresnak sustatzea dira.

Datozen urteetan, nazioarteko proiekzioa nabarmen handituko da, 2023tik aurrera doktoratu aurreko eta doktoratu ondoko ikertzaile guztiek nazioarteko egonaldia egin beharko baitute. EHUk espero du neurri horrek %9 puntu handituko duela nazioarteko aipamena duten tesien proportzioa. Unibertsitateak Zientzia Irekiaren aldeko apustu irmoa ere egingo du, eta 2027rako irekian dauden argitalpenen kopurua %20 handitzea espero du.

Bada, helburu horiek lortzeko honako gako nagusiak jasotzen ditu planak: ikerketan laguntzeko langileen espezializazioa eta langile kopurua gehitzea; lerro estrategikoen finantzaketa estrukturala eta epe luzeko sendotzea, eta berezik, ikerketa zentro propioena; eta aliantzak indartzea BERCekin (Oinarrizko Ikerketa eta Bikaintasun Zentroak) eta ikerketa biosanitariorako institutuekin ikerketan, transferentzian eta prestakuntzan.

Contador