EHUk Euskararen Astea ospatuko du 'Euskara buruan ibili munduan' lelopean

EHUko Euskararen Astea
UPV/EHU
Actualizado: lunes, 29 noviembre 2021 12:25

BILBO, 29 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Euskararen Astea antolatu du, 'Euskara buruan ibili munduan' lelopean, datorren ostiralean ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunaren harira. EHUko hainbat kidek eta taldek ekitaldi programa zabala prestatu dute, hiru campusetan eta Bilbon, erakusketak, bertso saioak, hitzaldiak eta musika emanaldiak antolatuz, besteak beste.

"Euskararen Egunak gure inertziak astintzeko balioko digu, eta Euskararen Asteak horrek irautea bilatzen du. Euskara lanerako nola gozatzeko, aurtengo egitaraua euskarari aukera desberdinak ematera dator", adierazi du Junkal Gutiérrez EHUko Euskara, Kultura eta Nazioartekotzeko errektoreordeak.

Horrela, asteazkenean, abenduaren 1ean, 'Jakinduriek mundue erreko dau!' bertso-zientzia saioa egingo da Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean, 18:30ean, publiko guztiari irekita. "Ezagutza zientifikoa zabaltzeko errima perfektua bilatzea" xede duen ekitaldian, Kike Amonarriz soziolinguista, Andoni Egaña eta Onintza Enbeitia bertsolariak, Xabier Artaetxebarria ingeniaria, Miren Basaras mikrobiologoa eta Josu López-Gazpio kimikaria ariko dira.

Halaber, ostiralean, abenduaren 3an, 'Txori kantazale' ikuskizuna izango da Bilboko Bizkaia Aretoan, 19:00etan. Joana Otxoa de Alaizak (pianoa) eta Alex Gurrutxagak (testuak) sortutako obran, Xabier Leteren barne munduan murgilduko dira.

Bestalde, asteartean, azaroaren 30an, 'Txosten klinikoak idazteko dinamika' hitzaldia eskainiko dute Farmazia Fakultatean (Arabako campusa) Adrian Zelaia eta Unai Larrinaga Aintzat taldeko kideak, 13:00etan. Asteazkenean, abenduaren 1ean, youtuber lehiaketa egingo da 09:30etik aurrera Bilboko Hezkuntza Fakultatean; euskararen erabileraren inguruko bideoak, eta youtuber izateko bideo tutorialak eskainiko dira.

Gainera, Rafa Ruedak eta Gotzon Barandiaranek musika saioak eskainiko dituzte asteazkenean eta ostegunean, abenduaren 1ean eta 2an, hurrenez hurren, 13:00etan, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean (Leioa-Erandio eremua).

Azkenik, Gipuzkoako campusean (Donostia), ostiralean, abenduaren 3an, kalejira 09:00etan hasiko da, eta 10:00etatik 12:00etara txokolatada egingo da Ignacio Maria Barriola zentroko tabernan; 11:30ean, Barriola auditoriumean, 'Software librea eta euskara' gaiari buruzko hitzaldia izango da, eta 13:00etan, Bagera elkarteak euskararen gaineko diskurtsoen inguruen gogoeta eragingo du Txilardegi aretoan jarritako erakusketa baten bidez, umorea eta kritika erabiliz.