EHUko Arkitektura Eskolako ikasleek Sagueserako egindako proiektuak erakusketa batean ikusgai

Sagueserako egindako proiektuen erakusketa aurkeztu dute
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: miércoles, 31 mayo 2017 15:40

DONOSTIA, 31 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arkitekturako Goi Mailako Eskola Teknikoko ikasleek Sagueseko urbanizazioari buruz egin dituzten proposamenak "Sagues: Arkitektura ikasleen begiradak" erakusketan ikusgai izango dira ostiraletik, ekainaren 2tik, Añarbeko Ponpatze Estazioaren eraikinean. Saguesi buruz eskolako 5. mailako ikasleek egin dituzten proiektuak ikusi ahalko dira, Donostiako Udalak Gros auzoko gunean garatu behar duen hirigintza proiektuaren oinarri izango baitira.

Eneko Goia Donostiako alkateak eta Izaskun Aseginolaza EHUko Arkitektura Eskolako Hirigintza arloko koordinatzaileak aurkeztu dute erakusketa asteazken honetan. Goiaren ustez, Sagues da hiriko "gune berezienetako bat" eta, beraz, "arreta handiz pentsatu beharreko gauza da, proposatzen diren irtenbideak egokiak eta iraunkorrak izan daitezen".

Egindako lanak Sagues inguruaren diseinu kontzeptual eta funtzionala erakusten dute, betiere, hirigintzaren antolaketa kontuan hartuta. Ildo horretan, Goiak esan du proposatutako hausnarketak "balio handikoak" izan direla Donostiako Udalak hiriko gune horren garapena hasteko.

"Arkitektura Eskolako ikasleen lanek kontuan hartzen dituzte Sagues diseinatzeko behar diren puntu nagusiak, hau da, hiria eta naturaren arteko bizikidetza, itsasoaren presentzia, gune publikoen eta etxebizitzen arteko bizikidetza, gunea aisialdirako erabilgarri izatea, gune funtzionala eta ekipamenduak dituen gunea, eta hiriari amaiera naturala ematea", azaldu du.

77 IKASLE

EHUko Arkitekturako Goi Mailako Eskola Teknikoko 5. mailako 77 ikaslek parte hartu dute proiektuan, hain zuzen ere, Donostiako Udalak Sagueseko gunea hobetzeko eskatu zien proiektuan. Lanok gunea nola berritu aztertu dute, eta ostiraletik aurrera ikusi ahal izango dira Sagueseko Añarbeko Ponpatze Estazioaren eraikinean egongo den erakusketan.

Donostiako Udalak laguntza eskatu zion joan den urtean EHUko Arkitektura Eskolari Sagueseko gunea aztertzeko eta inguru horri buruzko hausnarketa egiteko proposamenak egiteko, betiere, gunearentzako erabakirik onenak hartzeko. Erakusketa 60 taulek osatzen dute, eta Saguesen historia erakutsiko da egindako diagnosiaz eta arkitektura paisaien proposamenaz baliatuta. Hiritarren iritziekin osatutako bideoa ere ikusi ahal izango da.

5. mailako Arkitekturako Oinarriak graduko ikasleek lan egin dute proiektuan eta, zehatzago esanda, Hirigintza, Paisaia eta Lurralde ikasgaia egiten ari diren ikasleak. Parte hartu duten ikasle asko Erasmus programako ikasle atzerritarrak dira eta, beste batzuk, aldiz, Bordeleko Unibertsitatekoak.

Besrtalde, ekainaren 9an ikasleen eta adineko pertsonen proposamenen elkartrukea egingo da, eta Sagueseko urbanizazioari buruzko iritziak eta ikuspuntu ezberdinak partekatuko dituzte.