Eibar Ospitale berriak Debabarreneko 75.000 biztanle artatuko ditu datorren astelehenetik

Agintariak ospitale berriaren aurrean
IREKIA
Actualizado: lunes, 22 octubre 2018 13:36

DONOSTIA, 22 (EUROPA PRESS)

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Eibar Ospitalea inauguratu du astelehen honetan. Debabarreneko osasun arreta hobetzeko 27 milioi euroko inbertsioa egin ondoren, Osakidetzako ospitale berria datorren astelehenean jarriko da abian, urriaren 29an, 21.000 metro koadro ditu eta eskualdeko 75.000 biztanleei Lehen Mailako Arretako, Osasun Mentaleko eta Erradiodiagnostikoko zerbitzuak eskainiko dizkie. Kanpo kontsultako zerbitzuak ere izango dira, zortzi espezialitaterenak, baita errehabilitazioko zerbitzua eta ospitalizazioko hiru unitate ere.

Urkullurekin batera izan dira Jon Darpón Osasun sailburua, Maria Jesus Mugika Osakidetzako zuzendari nagusia eta 130 gonbidatu baino gehiago, horien artean hainbat erakundetako arduradunak eta Debabarreneko eta Gipuzkoako ordezkariak. Inaugurazioko ekitaldian ospitale berriaren instalazioak bisitatu dituzte.

Urkulluren hitzetan, "gaur Eibarreko Ospitale berria ireki dugu, Osakidetzaren 35. urteurreneko ospakizun ekitaldiei jarraipena emanez, eta urrats bat aurrera egin du gure herriak osasun zerbitzu publiko, unibertsal eta kalitate onekoaren aldeko apustuan".

Bestalde, Eibarrekoa Euskadin azken hiru urteetan abian jarritako bigarren ospitalea dela esan du, 2016ko uztailean Urdulizko Alfredo Espinosa ospitalea inauguratu ondoren. "Eusko Jaurlaritzak azken bi urte hauetan 131 milioi euroko inbertsioa egin du osasun azpiegituretan eta punta-puntako ekipamenduetan", nabarmendu du.

Eibarreko Ospitaleko zerbitzuuetan 31 milioi euro inbertitu dira: 27 obretan eta 4 ekipamenduetan. Zerbitzu horiek urtean 7,3 milioi euroko aurrekontua izango dute, eta 75.000 lagunetik gora artatu ahal izango dituzte. 200dik gora profesionalek lan egingu du, eta 97 lanpostu berri sortu dira.

Urkullu adierazi duenez, "azpiegitura berri bat abian jartzea erronka bat da profesionalentzat, eta horrek ilusioa ekartzen du. Osakidetzaren profesionaltasuna, euskal gizartearen babesarekin batera, zerbitzua hobetzen jarraitzeko gakoa da".

Gainera, udalen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetza nabarmendu du Jaurlaritzako lehendakariak: "Elkarrekin lan egiteak herritarrei eskaintzen diegun zerbitzua hobetzen laguntzen digu".

Azkenik, "urte hauetan ospitale berri hau egin ahal izateko lanean jardun duten Osasun Saileko eta Osakidetzako kideak" gogoratu ditu, baita "irisgarritasun, teknologia eta ekipamenduari dagokionez punta-puntakoa den eraikin hau diseinatu eta egin duten profesional talde eta langileak ere".