Eibarren eta Azpeitian jokatuko dira asteburuan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako hurrengo final laurdenak

Txapelketako aurreko saio bat.
BERTSOZALE

Actualizado: martes, 22 octubre 2019 16:47

DONOSTIA, 22 (EUROPA PRESS)

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak aurrera darrai eta hurrengo final laurdenak Eibarren eta Azpeitian jokatuko dira, datorren asteburuan. Zehazki, hirugarren final laurdena Eibarko Coliseo antzokian izango da, larunbatean, urriaren 26an, eta laugarrena Azpeitiko Soreasu antzokian, igandean, hilaren 27an. Bi saioak 17:00etan hasiko dira, Gipuzkoako Bertsozale elkarteak jakinarazi duenez.

Eibarko saioan ariko dia Jon Maia, Gorka Maiz, Jokin Uranga, Unai Muñoa, Felix Zubia eta Mikel Tapia Aierbe. Aurkezle lanak Itziar Etxezarretak egingo ditu, eta Maite Sukia, Zigor Leunda, Amaia Otxotorena, Oihana Aranguren eta Mikel Beloki izango dira epaimahaiko kideak. Idazkari lanetan Joxemari Altuna eta Ane Errazkin ariko dira.

Azpeitiko saioari dagokionez, sei bertsolari hauek izango dira oholtzan: Alaia Martin, Oihana Iguaran, Nerea Elustondo, Iñigo Mantzizidor, Iñaki Gurrutxaga eta Amaia Iturriotz. Aurkezlea Imanol Artola izango da, eta Maite Sukia, Zigor Leunda, Amaia Otxotorena, Oihana Aranguren eta Mikel Beloki epaimahaiko kideak. Joxemari
Altuna eta Silvia Etxaniz ariko dira idazkari lanetan.

Bi saioetako irabazleak zuzenean sailkatuko dira finalaurrekoetara eta gainontzeko bertsolariek puntuazioaren arabera edukiko dute horretarako aukera. Final laurdenetako saioetan bertsolariek egin beharreko lanak honako hauek izango dira: binaka, gaia emanda, zortziko handian hiruna bertso; binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso; binaka, gaia emanda, sei puntuko motzean hiruna bertso; binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso; eta kartzela: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean eta, aurrez
agortzen ez badira, txarteldegian ere eskuratu ahal izango dira larunbatean zein igandean, 16:00etatik aurrera.