EIMA unibertsitate aurreko mailetarako euskarazko ikasmaterialen katalogoak 25.000 erreferentzia ditu

EIMA unibertsitate aurreko mailetarako euskarazko ikasmaterialen katalogoak 25.000 erreferentzia ditu
HEZKUNTZA SAILA
Actualizado: miércoles, 24 abril 2019 12:46

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren EIMA Katalogoak martxan dauka jada mailegu zerbitzu berria eta webgune berritua (eimakatalogoa.eus), eta 25.000 erreferentzia biltzen ditu gaur egun, horietatik 4.000 inguru sarean kontsultatu edo deskarga daitezkeenak. Unibertsitate aurreko mailetarako euskarazko ikasmaterialen dokumentazio zentroa da EIMA Katalogoa, hezkuntza komunitatearentzat pentsaturiko baliabide erabilgarria, eta katalogatutako hainbat material edozein herritarren eskura ere jartzen du.

Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, askotariko baliabideak dira EIMA Katalogoan jasotzen direnak, besteak beste, eskolan erabiltzeko sortutako materiala (testu liburuak, ariketa koadernoak, aplikazio informatikoak, orotara 9.300 erreferentzia), sareko hainbat baliabide didaktiko (webguneak, simulazioak, jolasak, 1.200 erreferentzia), haur eta gazte literatura, adin tarteka eta gaika sailkatuta (4.700 erreferentzia), helduentzako literatura (2.800 erreferentzia), monografiak (5.900 erreferentzia), ikus-entzunezkoak (2.300 erreferentzia) eta jolas didaktikoak (190 erreferentzia).

Euskarazko ikasmaterialen informazio zehatza eskaintzeaz gain, hainbat eta hainbat ikasmaterial zuzenean kontsultatzeko edota jaisteko aukera ere ematen du katalogoak, eta horretarako webgune berritua dauka. Horrela, katalogatuta dauden 25.000 dokumentuen artean, ikasmailen, jakintza gaien, ikasmaterial moten, argitaletxeen edo egileen arabera egin daitezke kontsultak.

EIMA Katalogoaren webgune berrituan errazago egingo zaio erabiltzaileari katalogoko materialak bilatzea eta eskatzea, intuitiboa eta erabilerraza baita. Modu honetan, sarean eskuragarri dauden materialak badira, bertatik bertara eskura daitezke. Halaber, materiala euskarri fisikoan badago, eimakatalogoa.eus webgunetik eskatu daiteke; horretarako, erabiltzaile kontua sortu behar da aurretik, eta erabiltzailea irakaslea bada, materiala ikastetxean jaso dezake posta bidezko doako mailegu zerbitzua baliatuz. Gainera, erabiltzaileak nahi duen materiala aurkitzen ez badu, EIMA Katalogoarekin harremanetan jar daiteke, bere arduradunak lortzen saia daitezen.

EIMA Katalogoaren dokumentazio zentroak Eibarko Hezkuntza Esparruan du egoitza, Gipuzkoan, eta irekita dago bertaratu nahi duen edozein herritarrentzat. Materialak kontsultatu eta maileguan har daitezke bertan. Eibarko egoitzan aurki daitezke mailegu zerbitzua (egoitzan dauden material gehienak maileguan har daitezke), kontsulta gela (materiala kontsultatzeko edo ikerketa lanetarako atondutako espazioa, Interneteko sarbidea duten hainbat ordenagailurekin eta wifi konexioarekin) eta ikus-entzunezko gela (U-matic, VHS, Beta eta DVD euskarrietan dauden baliabideak bisualizatzeko gela).

EIMA KATALOGOA

EIMA Katalogoa bereziki hezkuntza komunitateari irekitako baliabidea da, hau da, ikastetxeei, irakasleei eta gurasoei. Dena den, euskarri digitalean dagoen hainbat material didaktiko, baldin eta erabilera askekoak badira, plataformaren bidez ere eskura ditzake edozein herritarrek, bertan bilaketa egin ondoren.

EIMA izena akronimo bat da eta "euskal ikasmaterialgintza" esan nahi du. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuak 1982tik abian duen lan programa bat da. Helburu nagusia da unibertsitate aurreko ikasmailetarako euskaraz behar adina ikasmaterial sor dadin bultzatzea, ikasmaterial horien kalitatea zaintzea eta ikasmaterial horiek zabalkundea izan dezaten administraziotik laguntzea.

Zerbitzuaren baitan EIMA Katalogoa da funtsezko adarretako bat. Ikasmaterialen zabalkundean laguntzeko 2005ean sortu zen, eta ordutik dihardu dokumentazio zentroan euskarazko ikasmateriala biltzen, katalogatzen eta sarean kontsultagarri jartzen.