20 de Otsaila de 2020
 

Ekian eguzki parkeak urtean 15.000 familiaren elektrizitate premiak asetzeko beste energia sortuko du

Actualizado 2020/1/27 13:36:35 CET
Ekian eguzki parkearen inaugurazioa.
IREKIA

GASTEIZ, 27 (EUROPA PRESS)

Ekian Euskadiko eguzki instalazio handiena inauguratu dute astelehen honetan, Arasur industrialdean, Erribera Beitian (Araba). Parkeak 67.000 eguzki panel ditu, eta horietako bakoitzak 355 watt-eko potentzia du. Guztira, instalatutako potentzia 24 MW-ekoa da, urtean 40.000 MWh inguru ekoizteko gai izango dena, hau da, urtean 15.000 familiaren elektrizitate premiak asetzeko beste.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak inauguratu du instalazioa, bere sustatzaile Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) eta Krean Taldeko ordezkariekin eta 26 euskal enpresa inbertitzaileen arduradunekin batera. Euskadiko eguzki parke handiena da eta orain arte instalatutako potentzia bikoizten du.

Arasur industrialdeko 'La lágrima' deitutako 55 hektareako hedadura duen industria lursailean dago Ekian eguzki instalazio fotovoltaikoa, Erribera Beitian. Egitasmo aitzindaria da, lehen aldiz sustatu baita eguzki parke bat lankidetza publiko-pribatuari esker, instalatutako potentziaren zati baten jabeak izango diren enpresen bidez.

Mondragon Korporazioko Krean Taldea eta Eusko Jaurlaritzaren Energiaren Euskal Erakundea dira Ekian sustatu duten erakundeak. Horiekin batera, industrian, zerbitzuetan eta administrazioan diharduten 26 enpresa elkartuk ere parte hartu dute egitasmoan, instalatutako potentziaren zati bat erosiz. Guztira, 24 milioi euro inbertitu dira.

Proiektuak sustatu eta inplementatzeko industrian eta, oro har, euskal gizartean sustraitutako lankidetza kulturaren garrantzia aipatu du Urkulluk bere hitzaldian: "Elkarlan publiko-pribatua, energia trantsizioaren helburuak eta konpromisoak betetzeko ezinbestekoak diren iturri berriztagarrien aprobetxamendua errealitate bihurtu ahal izateko, iraunkorragoa izango den eredu baten bidean".

Halaber, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak eta Jon Berbel Krean Taldeko zuzendari nagusiak lankidetzan eta bide berritzaileetan jarduteko bi erakundeen irmotasuna nabarmendu dute, proiektu berriztagarriak garatzeari begira, bai eta 26 euskal enpresa inbertitzaileek energia garbien alde egindako apustua ere.

ZORTZI HILABETEKO LANAK

Parkea eraikitzeko lanak 2019ko apirilean hasi ziren, lurra egokituz, eta zortzi hilabete iraun dute, sistema fotovoltaikoen instalazioa burutu arte. Joan den abenduan lehen ekoizpen probak egin ziren, Irizar konpainiaren autobus elektriko baten kargarekin lehenik, eta instalazioa sare elektrikora konektatuz ondoren. Era horretan, jada ekoizten den energia elektrikoa banaketa sare orokorrera bideratzen da, kontsumitu ahal izateko. Gaur egun, ekoizpen maila ahalmen osoaren %90 da, eta, pixkanaka, aurreikusitako %100 lortuko da.

Esan bezala, eguzki instalazioak 67.000 eguzki panel ditu, eta horietako bakoitzak 355 watt-eko potentzia du. Guztira, instalatutako potentzia 24 MW-ekoa da, urtean 40.000 MWh inguru ekoizteko gai izango dena, hau da, urtean 15.000 familiaren elektrizitate premiak asetzeko beste.

Ekianen izango den 24 MWko gehienezko potentziak Euskadiren egungo ahalmen fotovoltaikoa bikoiztuko du; orain arte, euskal geografia osoan zehar dauden instalazio txikien multzoari esker lortu da ahalmen fotovoltaikoa. Hala, bere arduradunen hitzetan, "urrats handia" da 2030erako ekoizpen elektriko berriztagarrien arloan Eusko Jaurlaritzak duen Energia Estrategiaren helburuak lortzeko.

Eguzki energia fotovoltaikoari dagokionez -gaur egun aprobetxatzen den energia berriztagarri guztiaren %1,4 da-, portzentaje hori bikoiztea da xedea, eta hamarkada batean %4,4 izatea, 293 MW-eko potentzia instalatua lortzeko.

Contador