Elena Odriozola haur literaturako Andersen Sarietarako hautagai izendatu dute

Elena Odriozola
GALTZAGORRI
Actualizado: miércoles, 20 febrero 2019 16:56

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Haur eta Gazte Liburuaren Espainiako Elkarteak (OEPLI, gaztelaniazko sigletan) Elena Odriozola ilustratzaile donostiarra aukeratu du IBBY erakundeak (International Board on Books for Young People) emango dituen 2020ko Hans Christian Andersen Sarietarako hautagai, Galtzagorri elkartearekin elkarlanean eta Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin. Haur literaturako "Nobel Sari txikiak" bezala ezagunak diren sariak bi urtean behin ematen dira 1956tik. 2018ko edizioan ere hautagai izan zen Odriozola.

Galtzagorri elkarteak jakinarazi duenez, OEPLIrena da sari hauetara Espainiako Estatutik hautagaiak aurkezteko ardura, IBBYren Espainiako atala den heinean: hautagai bat idazleen atalean, beste bat ilustratzaileen alorrean. Bigarren aldiz, Galtzagorri euskal haur eta gazte literatura elkarteak ilustrazio alorrean aurkeztutako euskal hautagaia izan da aukeratua (Elena Odriozola), eta OEPLIk Andersen Sarietara aurkeztu ahal izango du, Etxepare Institutuaren laguntzari esker.

Estatuko lau hizkuntzetako haur literatura elkarteek osatzen dute OEPLI, eta, beraz, horietako bat da Galtzagorri euskal haur eta gazte literatura elkartea. Horregatik bi urtean behin euskal idazle eta ilustratzaileak proposatzen ditu Andersen Sarietarako.

OEPLIk bezala, IBBY osatzen duten beste atalek euren hautagaiak aurkeztuko dituzte sarirako, eta, ondoren, haur eta gazte literaturako hainbat adituk osatutako nazioarteko epaimahai batek aukeratuko ditu Hans Christian Andersen Sariko irabazleak. Irabazleak 2020ko Boloniako Azokan emango dira ezagutzera eta sariak IBBYk 2020an egingo duen biltzarrean banatuko zaizkie.

ANDERSEN SARIAK

H.C. Andersen Sariaren bitartez, euren obra osoarekin haur eta gazte literaturari ekarpen garrantzitsua egin dioten idazle eta ilustratzaileen lana aitortu nahi du IBBYk; ibilbide oso bat saritzen du beraz. Danimarkako Margrethé II.a erreginak babesten du saria.

Andersen Saria mundu mailan haur eta gazte literaturan ematen den sari garrantzitsuenetakoa da. Saria eskuratu duten ilustratzaileen artean daude, besteak beste, Maurice Sendak amerikarra, Anthony Browne eta Quentin Blake britainiarrak, Roberto Innocenti italiarra edo Jutta Bauer alemaniarra; idazleen artean, Christine Nöstlinger austriarra, Gianni Rodari italiarra edota Astrid Lindgren suediarra daude.

Elena Odriozolak (Donostia, 1967) sari ugari eskuratu ditu orain arte. Besteak beste, 2015eko Espainiako Ilustrazio Sari Nazionala irabazi zuen eta, urte berean, Bratislavako Ilustratzaileen Bienalaren Urrezko Sagarra jaso zuen "Frankenstein" lanarekin. Birritan jaso du Ilustrazioko Euskadi Saria: 2009an, "Aplastamiento de las gotas" lanagatik, eta 2013an, "Tropecista" obrarekin. Odriozolak ehun liburu baino gehiago ditu ilustratuak eta horietako asko izan dira beste hizkuntza batzuetan argitaratuak.