Elias Querejeta Zinema Eskola EHUko atxikitako zentroa izango da

Elias Querejeta Zinema Eskola, EHUko zentro atxikia
GIPUZKOAKO ALDUNDIA
Actualizado: viernes, 1 febrero 2019 15:51

DONOSTIA, 1 (EUROPA PRESS)

Nekane Balluerka Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektoreak eta Denis Itxaso Gipuzkoako Aldundiko Kultura diputatuak Elias Querejeta Zinema Eskola EHUri atxikitzeko hitzarmena sinatu dute ostiral honetan, Donostian, eta horrela, zine eskolaren egungo ikasketak unibertsitateko berezko masterrak izango dira aurrerantzean. Datorren ikasturterako izen-ematea ostiral honetan hasi da. Hitzarmenaren indarraldia lau urtekoa izango da, eta berez luzatuko da beste lau urterako, aldeetakoren batek hitzarmena berritu nahi ez duela adierazi ezean.

Elias Querejeta Zinema Eskola zinemaren iragan, orain eta etorkizunari buruzko nazioarteko zentroa da, pentsamendua, praktika esperimentala eta berrikuntza pedagogikoa eskaintzen dituena. Gipuzkoako Aldundiko Kultura Sailak sustaturik, eskola bere kontzeptualizazioa eragiten ari diren zinemaren arloko hiru erakunderen arteko lankidetzaren emaitza da: Euskadiko Filmategia, Donostia Zinemaldia eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa. Eskolaren nortasun juridikoari dagokionez, Gipuzkoako Aldundiaren menpe dago, berak sortu eta finantzatutakoa baita.

Modu honetan, zine eskolaren egungo ikasketak unibertsitateko berezko master izango dira aurrerantzean, Artxiboa, Komisariotza eta Sorkuntza espezialitateak, alegia. Datorren ikasturterako izena emateko epea ostiral honetan bertan hasi da.

Zine eskolan egindako ikasketak EHUko ikastegietan ematen direnen balio akademiko berbera izango dute, eta kasuan kasuko ondorio profesional berbera. Titulu horiek unibertsitatearen berezko ikastegien eskaintza guztiekin batera zabalduko ditu EHUk. Diplomak eta tituluak errektoreak emango ditu.

EHUrekin koordinatuta, eskolak bere gestio eredua eta proiektu pedagogikoa mantenduko du, autonomia osoz, eta ikasleak eta unibertsitatea bera eskolaren Zuzendaritza Batzordearen baitan egongo dira.

Ikasleek EHUko titulua eskuratuko dute. Ikasletzat hartuko dira bibliotekako, kiroletako eta unibertsitate hedakuntzako zerbitzuak erabiltzeari dagokionean, bai eta Gipuzkoako campuseko Errektoreordetzarekin ados daitezkeen bestelako zerbitzuak erabiltzeari dagokienean ere. Ikasleen gehienez %20ak "bikaintasun aipamena" lortu ahal izango du, eta tituluan jasota ageriko da. Matrikula eskolan bertan egingo da.

2018-2019 IKASTURTEA

Ostiral honetan hasiko da Elias Querejeta Zine Eskolako bigarren ikasturtean parte hartzeko epea, onartuak izateko aldian, eta maiatzaren 31n amaituko da. Ikasturteak 56 aste iraungo du, sei modulutan banatuta, bakoitza bost eta zazpi aste bitartekoa. Modulu bakoitzeko irakasgaiak gai nagusi baten ingurukoak dira espezialitate bakoitzean.

Antolamendu horren eta hiru ibilbideen helburua da ikasleek ahalik eta ikuspuntu zabalena eta zeharkakoena lortzea, aukera emango baitie zinemaren hiru aldiekin elkarrizketan aritzeko: lehenaldia (ikerketa eta babesa), orainaldia (komisariotza eta programazioa) eta geroaldia (sorkuntza).

Horrela, alde batetik, Artxiboa espezialitateak bilatzen duena da espezialistak prestatzea ondare zinematografikoaren eta ikus-entzunezkoaren identifikazioan, sailkapenean, zaharberritzean eta babestean; bestalde, Komisariotza espezialitatearen ardatza da zinema eta ikus-entzunezko arteak xede eta protagonista dituzten era guztietako programazioak, argitalpenak, esku hartzeak eta erakusketak kontzeptualizatzea, kudeatzea, garatzea eta hedatzea; azkenik, Sorkuntza espezialitateak arakatzen du filmak eta ikus-entzunezko obra artistikoak errealizatzeko interesa duenaren prestakuntza teorikoan eta metodologikoan ez ezik, baita miaketa praktikoan ere.

Plaza eskuragarritasuna mugatuta dago -gehienez 15 ikasle espezialitate bakoitzeko-, eta matrikularen prezioa 3.900 euro da, administrazio eta kudeaketa gastuak, tasak eta unibertsitate zerbitzuak barne hartuta. Izen-ematea zine eskolaren web orriaren bitartez bakarrik egin ahal izango da: www.zine-eskola.eus. Eskolako bigarren ikasturtearen hasierak bat egingo du Donostia Zinemaldiaren 67. edizioaren hasierarekin, irailaren 17an.