Elikagaien etiketak ulertzeko gida praktiko bat argitaratu du EHUk

Ezkerretik eskuinera: Leixuri Aguirre, Itziar Eseberri eta María del Puy Portillo.
NURIA GONZÁLEZ / UPV/EHU
Publicado: domingo, 28 febrero 2021 12:35

BILBO, 28 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Argitalpen Zerbitzuak 'Badakigu zer erosten dugun? Elikagaien etiketak ulertzeko gida praktikoa' izeneko liburua kaleratu du. EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientzien Saileko Nutrizio eta Obesitateari buruzko taldeko Leixuri Aguirre, María Arrizabalaga, María del Puy eta Itziar Eseberri Barace ikertzaileen emaitza da lana, eta "tresna erraz eta erabilgarria" izatea du helburu, "zer erosten dugun jakin dezagun".

EHUko iturriek jakinarazi dutenez, erosten ditugun elikagai gehienak, soltean edo ontziratu gabe erosten ditugunak izan ezik, etiketarekin datoz. Kontsumitzailearentzako informazioari buruzko Europako arauak araututako informazioa jasotzen da etiketetan, eta askotan, informazio hori ez da ulertzen erraza.

Horregatik, etiketetan nahitaez agertu behar duen informazioari buruzko oinarrizko ideiak jasotzen dira kaleratu berri den gidan; adibidez, "iraungitze data" eta "kontsumo data lehenetsia" desberdintzen laguntzen, edota "osagaien zerrendako" osagaiak nola jasota dauden ongi interpretatzeak zenbateko garrantzia duen.

Bestalde, modu erraz eta praktikoan azalduta daude ekoizleek, aukeran, batzuetan beren produktuetan eransten dituzten nutrizio eta osasunari buruzko adierazpenen esanahia eta erregulazioa. Arlo horretako legedia ulertzen zaila gerta daitekeenez, gidaren bidez hori erraztea da helburua, azalpen eta adibide praktikoekin, aurrerantzean norbere beharrekin eta itxaropenekin ondoen datozen produktuak aukeratzeko.

Horrez gain, zenbait produkturen adibideak ematen dira, non elikagaien industriak erabiltzen dituen estrategiak edo "amuak" kontsumitzailea nahas dezaketen haiek aukeratzeko orduan.

Gida populazioarentzat oro har da, eta osasun zientziekin lotutako graduetako ikasleek ere informazio garrantzitsua jaso ahalko dute euren prestakuntzarako.