Elkar Fundazioak AEK-Korrikari eman dio 2024ko Ibilbideari Elkar Saria

Archivo - Aurtengo Korrikaren hasiera Irunen
Unanue - Europa Press - Archivo
Actualizado: martes, 7 mayo 2024 11:16

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

Elkar Fundazioak erabaki du 2024ko Ibilbideari Elkar Saria AEK-Korrikari ematea, erakundeak zein euskararen aldeko lasterketa herrikoiak orain arte egindako lana eskertu eta goraipatzeko eta aitortza "bide beretik jarraitzeko akuilu" izan dadin.

Elkar Fundaziotik jakinarazi dutenez, Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzea izan da eta da AEKren xedea, eta horretarako euskararen normalizaziorako eremu guztietan egiten du lan, hau da, ezagutzan, erabileran eta sustapenean.

Frankismoaren garai beltzean, euskara ikasi eta euskaraz ikastearen aldeko mugimendu zabala eratu zen Euskal Herrian, ikastolak eta gau eskolak sortuz, eta garai hartako ekimenaren ondorioetako bat izan zen AEKren sorrera.

Baldintza zailetan, eta ia hutsetik abiatuta, heldu euskaldunak alfabetatzeko eta euskalduntzeko herriz herri sortu ziren gau eskolak koordinatzeko antolatu zen AEK Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea, 1970eko hamarkadan, Euskal Herri zabaleko gau eskolak eta euskaltegiak bilduz bere barne.

Instituzioen behar bezalakoa ezagutzarik gabe aritu behar izan zuen 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, eta horrek baliabide falta eta baldintza ez egokiak eragin zizkion erakundeari. Lan baldintza egokien gabeziari, baina, "militantziaz, ilusioz eta ahalik eta profesionaltasun handienarekin erantzun zien AEK-k bere xedea lortzeko ahaleginari uko egin gabe", Elkaretik nabarmendu dutenez.

KORRIKA

Milaka lagun euskaldundu da AEK-ko euskaltegietan, eta milaka lagun hurbildu da euskarara eta euskararen aldeko ekimenera AEKren lanari esker, tartean 1980tik antolatzen duen Korrikaren eskutik. "Ekarpen handia egiten dio, ez bakarrik helduen euskalduntzeari, baita euskararen normalizazioari ere", goraipatu dute.

Bi urtean behin, milaka eta milaka lagun euskararen aldeko mezua zabaltzera bultzatzen ditu Korrikak, "euskararentzat itxaropena sortuz eta mezu argia zabalduz gizartean: euskara denona da eta haren etorkizuna guztion eginkizuna da". "Martxoan egin berri den azken edizioak argi erakutsi digu hori, harro dagoen herria kalera atera da Euskal Herria euskararen herria dela eta izatea nahi dugula esateko", gaineratu dute.

Elkar Fundazioaren arabera, Korrikak badu "irudi bat indar handikoa", era guztietako eta askotariko jendea elkarrekin ari dela korrika eta lekukoa eskuz esku pasatzen doala, hain zuzen. "Irudi horren bidez erakusten da euskararen normalizazioak denon beharra duela, denon artean elkarrengandik hartuz eta elkarri emanez lortuko dugula Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz bizitzea", adierazi dute.

Bada, Elkarren arabera, hori da AEKren lanak urteotan erakutsi duena, euskararen normalizazioa ezin baita sinplifikatu eta mugatu haurren eremura. Azken Korrikako mezuan Garazi Arrulak adierazi bezala, euskarak ekosistema osoa behar du eta hori lortze aldera egiten du lan egunero AEK-k.

Maiatzaren 23an 18:00etan egingo da sari banaketa ekitaldia, Elkarren Adunako (Gipuzkoa) egoitzan, eta Josu Goikoetxea aurtengo Joseba Jaka bekaren irabazleak eta AEK-k jasoko dituzte sariak.

Contador