Emakume bati sexu erasoa egitea egotzita, 43 urteko gizon bat atxilotu dute Oionen

Actualizado: lunes, 9 diciembre 2019 13:45

GASTEIZ, 9 (EUROPA PRESS)

Ertzaintzako agenteek 43 urteko gizonezko bat atxilotu dute astelehen honetan, Oionen (Araba), bere pisukidea den emakume bati sexu erasoa egitea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Gauerdiko 00:20 zirela, emakume batek Ertzaintzari jakinarazi dio sexu erasoa egin berri ziotela Oiongo etxebizitza batean. Hiritarren segurtasunerako patruila bat herriko kale batean zegoen emakumearekin hitz egin du: emakumeak ertzainei esan die egun batzuk zeramatzala ezagun batekin etxebizitza partekatzen eta igandean jakinarazi ziola bere gauzak jasotzea eta giltzak ematea erabaki zuela, beste leku batera joateko.

Orduan, emakumearen arabera, gizonak gela batera eraman eta beisbol bate batekin mehatxatu du, eta, gelatik ihes egiten saiatu denean, belarrondoko bat ere eman dio. Emakumeak egindako salaketaren arabera, jarraian gizonak sexu erasoa egin dio, eta, erasoa bukatutakoan, biktimak etxetik alde egin eta kaletik deitu du SOS Deiak 112 larrialdi telefonora.

Emakumeak emandako informazioarekin, patruilako agenteak gertaerak izan omen diren pisura joan dira eta bertan zegoen gizonezkoa identifikatu eta atxilotu dute. Biktima Txagorritxuko ospitalera erraman dute, auzitegiko medikuak aztertzeko, eta atxilotua epaitegira eraman dute polizia izapideak bukatutakoan.