Emakume eta Neska Zientzialariaren Nazioarteko Eguna ospatuko dute datorren astean, Donostian

"Zientzia BADA Nesken Kontua" Mezua Zabaldu Nahi Da
DIPC
Actualizado: viernes, 8 febrero 2019 12:13

   DONOSTIA, 8 (EUROPA PRESS)

   Donostia International Physics Center (DIPC), Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-EHU), CIC nanoGUNE eta CIC biomaGUNE erakundeek bat egin dute otsailaren 11ko Emakume eta Neska Zientzialariaren Nazioarteko Eguna ospatzeko, eta programazio bateratua antolatu dute, Donostian, hilaren 15era arte. Hitzaldi publikoak, lantegiak, bisitak eta mintegiak egingo dira ikerketa zentro antolatzaileetako 50 boluntario baino gehiagoren laguntzaz. Ekimenak mezu garbia zabaldu nahi du: "Zientzia BADA nesken kontua".

   Horrela, erakunde antolatzaileek jakinarazi dutenez, otsailaren 11n jarriko da martxan programazioa. Arratsaldeko 19:00etan, Koldo Mitxelena Kulturgunean, "Eskuz esku" hitzaldi laburrak antolatu dira. Bertan, zentrootan emakume eta gizonen arteko elkarlan zientifikoari esker egiten den ikerketa jarduera ezagutaraziko da formatu berri baten bidez.

   Honako zientzialari hauek hartuko dute parte: Reyes Calvo (CIC nanoGUNE) eta Miguel Moreno (DIPC-CFM), Celia Rogero (CFM) eta Sebastian Bergeret (DIPC-CFM), eta Aitziber López Cortajarena (CIC biomaGUNE) eta Fernándo López-Gallego (Zaragozako Unibertsitatea/CIC biomaGUNE).

   Programazioan badira hezkuntza jarduerak ere, zientziaren mundua gazteenengana hurbiltzera eta emakume zientzialarien eginkizuna agertzera bideratuak. "Ezagutzen al duzu emakume zientzialaririk?" lantegia CIC biomaGUNEn eta CIC nanoGUNEn izango da. 9-10 urteko haurrei zuzenduta dago, eta nanozientzian eta bioteknologian murgilaraziko ditu, hurrenez hurren, erakusketa zientifiko dibertigarriekin.

   Gainera, DIPC eta CFM zentroek batxilergoko ikasleen bisita jasoko dute. Etorkizuneko lanbidea aukeratu behar duten gazteek ikertzaileen egunerokoa gertutik ezagutzeko aukera izango dute. Dagoeneko planifikatu dira aipatutako eskolentzako jarduerak.

LANTEGIA NESKENTZAT

   Ildo beretik, neska nerabeentzat berariaz prestatutako "Zientzia bada nesken kontua" lantegian, parte hartzaileak zientzialari bilakatuko dira egun batez, eta askotariko esperimentu nanozientifikoak egin ahal izango dituzte. Hitzordua CIC nanoGUNEn izango da, otsailaren 15ean.

   Horrez gain, "Amona's Power" jarduera ere antolatu da, emakume helduaren figura kultura zientifikoaren zabaltzaile bezala nabarmentzera bideratua. Otsailaren 14an izango da lantegia, CFMn. Zentro antolatzaileetan egiten den puntako zientzia bere protagonisten eskutik ezagutzeaz gain, gero, etxean modu errazean errepikatu ahal izango dituzten esperimentu entretenigarriak egingo dituzte eguneroko objektu eta jardueretan ezkutatzen den zientzia ezagutzeko.

   Azkenik, "Zientzia irekia" mintegia antolatu da komunitate zientifikoari bideratuta. Eva Méndez izango da hizlaria, Carlos III.a Unibertsitateko Politika Zientifikoko errektoreorde eta Europar Batasuneko Politika Zientifiko Irekiaren Europako Plataformako presidentea.

   2020an, Europar Batasunak argitalpen zientifikoak modu irekian denen eskura jarri nahi ditu, ordainpeko aldizkarien eta argitaletxe zientifiko handien dinamikarekin aldatzeko asmoz. Araudi berri horrek zalantzak sortu ditu komunitate zientifikoan. EHUko Carlos Santamaria zentroan izango da hitzordua, otsailaren 13an, 12:00etan, eta campus osoari dago irekia.