'Emakumeak Zientzian 2020' ekimenak egitarau zabala izango du otsailaren 7tik 14ra, Donostian

"Emakumeak Zientzian 2020" Ekimenean Parte Hartzen Duten Erakundeetako Ordezkariak.
NANOGUNE
Actualizado: viernes, 24 enero 2020 12:11

DONOSTIA, 24 (EUROPA PRESS)

CIC nanoGUNE, Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-UPV/EHU), CIC biomaGUNE, Donostia International Physics Center (DIPC), Biodonostia, Tecnun-Ingeniarien Eskola, Ceit, Polymat eta Elhuyar erakundeek 'Emakumeak Zientzian 2020' programazio zabala antolatu dute otsailaren 11ko Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzeko. Egitaraua Donostian izango da, otsailaren 7tik 14ra, eta lantegiak, hitzaldi publikoak, ginkana edota bisitak eskainiko ditu. Jarduera guztiak doakoak dira eta www.emakumeakzientzian.eus webgunean eman daiteke izena.

Arduradunek jakinarazi duetnez, ekimenaren helburua da zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtzea eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea. Gipuzkoako Aldundiaren, Donostiako Sustapenaren, Donostia Kulturaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiaren (CSIC) laguntza du ekimenak.

Otsailaren 7an hasiko dira ekintzak, 'Zientzia bada nesken kontua' lantegiarekin, arratsaldeko 16:00etan, CIC nanoGUNEn. NanoGUNE eta Polymat zentroetako ikertzaileek gidatuta, 14 eta 18 urteko nerabeek "zientzialari izateko aukera izango dute egun batez", bai eta ikerketa talde bateko kide izateko aukera ere, nanozientziaren mundua lehen pertsonan ezagutzeko benetako esperimentu batean parte hartuz.

Arratsaldeko 19:00etan, berriz, Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan, 'Zientzialariak, atzo eta gaur' ekimenean, hemengo eta gaurko sei emakume ikertzaile izango dira agertokian. Beren lana eta beren burua aurkezteaz gain, iraganean aitzindari izan diren emakume zientzialariak omenduko dituzte. "Izan ere, iraganean aitzindariak izan baziren ere, askotan, ez zitzaien garaiz aitortu zientziari egindako ekarpena, eta ahaztuta geratu dira denboraren poderioz", adierazi dute.

Publiko ororentzako hitzaldiak izango dira, "eta iragana eta oraina elkarri eskutik helduta, emakume zientzialariak badirela eta lehen ere izan zirela aldarrikatuko dute, etorkizunean inoiz ez dadin berriz zalantzan jarri".

Halaber, otsailaren 8an familien txanda izango da. Ibaetako unibertsitate campusean familientzako ginkana bat egingo da. Campusean ezkutaturik zain izango dituzten proba guztiak gainditu beharko dituzte taldeek. CFM, DIPC, Tecnun, Ceit, Polymat eta nanoGUNE ikerketa zentroetan ere barneratuko dira ekintza honetan.

Programazioan badira hezkuntza jarduerak ere, zientziaren mundua gazteei hurbiltzeko eta emakume zientzialarien eginkizuna ikusarazteko. Horrela, otsailaren 10ean, Tecnun eta Ceit zentroetan egingo den 'Ingeniari izatera jolasten' lantegian, 12 eta 16 urte bitarteko nerabeek hartuko dute parte. Formula Student taldeko ingeniaritza ikasleek emango duten automobilgintza lantegi praktiko honetan, benetako ingeniari izango dira parte hartzaileak, eta ingeniaritzako lan arlo guztiak simulatuko dituzte: prototipoen diseinua, piezen fabrikazioa, muntaketa eta banaketa.

ESKOLA TALDEAK

Ildo beretik, otsailaren 11n, lehen hezkuntzako eta batxilergoko zenbait eskola taldek bisitak egin ahal izango dituzte. Bisitatuko dituzten zentroetako ikertzaileek hainbat jarduera eta erakusketa zientifiko egingo dituzte, emakumeek historian zehar zientzian izan duten zeregina nabarmentzeko. Eskolek urtarrilaren 27a arte egin ahal izango dute bisitetan parte hartzeko eskaera eta ondoren zozketa bidez esleituko dira.

Gainera, programazioan, beste behin ere, 'Amona's Power' jarduera egingo da, kultura zientifikoaren transmititzaile gisa emakume helduek duten irudia goratzeko. Ikertzaileek gidatuta, otsailaren 13an, 55 urtetik gorako emakumeek aukera izango dute ikerketa zentroetako nazioarteko ikerketaren eta bikaintasunaren mundua ezagutzeko.

Azkenik, zientzia komunitateari zuzendutako mahai ingurua antolatuko da: 'Berdintasuna zientzian: esperientziak eta etorkizuna'. Berdintasuna izango da aztergai zientzia sistemaren hainbat ikuspuntutik. Mundu akademikoan zein ikerketa eta enpresaren munduan diharduten emakume profesional eta zientzialari nabarmenak izango dira bertan.

Mahai inguruak bizipenak eta zirrarak modu lasaian partekatzeko gune bat eskaini nahi du, gaur egun zientziaren arloan lan egiten duten emakumeei hitza emanez. Saioa ingelesez izango da, Carlos Santamaria zentroan (EHU), otsailaren 14an, 12:00etan, eta komunitate zientifiko osoarentzat dago irekita.