Energiaren Euskal Erakundeak 123 milioi euroko etekina izan zuen 2010ean

Energiaren Euskal Erakundeak 123 milioi irabazi zituen iaz
EP
Actualizado: jueves, 12 mayo 2011 13:37

BILBO, 12 May. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpeko Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) administrazio kontseiluak maiatzaren 2an egindako bileran 2010eko ekitaldiari zegozkion EEEren eta EEE talde kontsolidatuaren urteko kontuak onartu zituen, eta horrela, 2010. urtean EEEren etekina, zergak ordaindu ondoren, 123 milioi eurokoa izan zen.

Erakundeko arduradunek adierazi duetnez, emaitza ekonomiko hori "ez da aurreko urtekoarekin konparagarria", emaitza horretan "eragin handia" izan baitu EEEk Naturgas Energia Taldean zuen partaidetzaren zati bat (%9,43) Hidroeléctrica del Cantábrico, S.A. (HC) sozietateari saldu izanak, 198,4 milioi euroren truke.

2010ean Energiaren Euskal Erakundeak izan zuen diru-sarrera 41,3 milioi eurokoa izan zen. Zenbateko horretatik, %6,5 energiaren eta zenbait zerbitzuren fakturaziotik etorri zitzaion, %40,5 partaidetzako sozietateen dibidenduetatik eta gainerako %53a jasotako diru-funtsetatik (IDAErekin sinatutako hitzarmenaren ondoriozko funtsak gehienbat), energia-eraginkortasuna eta energia berriztagarriak sustatzeko diru-laguntzak emateko ziren funtsetatik, hain zuzen ere. Kontzeptu horiengatik EEEk hirugarrenei emandako diru-laguntzak 21,9 milioi eurokoak izan ziren joan den urtean.

Bestalde, 2010ean, ibilgetu material, immaterial eta finantzarioan egindako inbertsioak 16 milioi eurokoa izan ziren (kopuru horretan ez da sartzen Donostiako Udalak Naturgasen zituen akzioen eskurapena). Orotara, banakako aktiboa 2010eko abenduaren 31n 304,6 milioi eurokoa zen eta ondare garbia 250 milioi eurokoa baino gehiago zen.

Zifra finkatuei dagokienez, EEE taldearen ondare balioa 474 milioi eurokoa zen 2010eko abenduaren 31n, eta guztizko aktiboa 548 milioi eurokoa. Kantitate horietan, Naturgasen zituen akzioen salmentaz gain, kontuan hartu behar da BBGen dituen akzioen partaidetza %5 areagotu zuela (partaidetza %30eraino helduz gaur egun), ibilgetuaren zifra finkatuetan eragin handia izan duena; izan ere, sozietatearen kontsolidatua baliokidetzan jartzeagatik izan da.

Aipatutako bileran, EEEren administrazio kontseiluak Bioener sozietatea deuseztatzea erabaki edo baimendu zuen (partaidetza EEEren eta Abengoaren esku zeukan), estrategikoak ez diren sozietate eta partaidetzetan desinbertsio politikarekin koherentziaz. Era berean, EEEk Noroilen duen partaidetza saltzeko eskatu zion zuzendari nagusiari kontseiluak, 2011. urterako onetsitako aurrekontuetan aurreikusten den bezala.