Entrenamenduetan euskara sustatzeko metodologia lantzen ari diren 20 kirol klubei harrera Donostian

Entrenamenduetan euskara sustatzeko metodologia lantzen ari diren 20 kirol klubei harrera Donostian
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: viernes, 3 diciembre 2021 13:37

DONOSTIA, 3  (EUROPA PRESS)

'KEES kirol entrenamenduetan euskara sustatzeko metodologia' egitasmoa lantzen ari diren hiriko 20 kirol klubei eskaini die Donostiako Udalak Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldi nagusia, eta harrera egin die udaletxean, Eneko Goia alkatea buru zela.

'Guk kirola baino gehiago egiten dugu. Gu euskaraz entrenatzen gara' lelopean, kanpaina bat bideratu zuen irailean Udal Euskara Zerbitzuak entrenamenduetan euskararen erabilera sustatzen Donostiako 20 kirol klub egiten ari diren lana ezagutzera emateko.

Bada, ostiral honetan, kanpaina horri jarraipen emanaz, harrera ekitaldi bat egin zaie kirol klubei udaletxean, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez.

Eusko Jaurlaritzari jarraiki, Donostiako Udalak ere kirolak euskararen normalizazioan aurrera egiteko dituen balioetan jarri nahi izan du azpimarra abenduaren 3ko ospakizunean, eta KEES egitasmoan parte hartzen ari diren 20 kirol talde hauez gain, Donostiako gainerako kirol elkarteak gonbidatu ditu Udalbatza Aretora Nazioarteko Euskararen Eguna ospatzera.

2021-2022ko ikasturtean egitasmoarekin bat egin duten 20 klubetan 2.003 haur eta gazte ari dira 156 entrenatzailerekin euskaraz entrenatzen. Metodologia honekin, entrenatzaileen jardunean eraginez, haur eta gazteengana iristea da helburua.

Gazteenekin kontaktu zuzenean dauden entrenatzaileek, kirolaria trebatzeaz gain, euskara erabiltzen dute une oro. Gainera, egitasmoaren "balio garrantzitsua" da parte hartzen duen klub bakoitzaren eta entrenatzaileen "inplikazio aktiboa" dagoela.

Goiaren esanetan, "kirolak eta kirol elkarteek euskararen erabileran duten garrantzia eta ardura nabarmendu nahi dugu. Haur eta gaztetxo gehienek euskara eskolarekin lotzen dute, horregatik da hain garrantzitsua kirol jardueretan euskaraz egiteko aukera eskaintzea".

Horrela, gaineratu duenez, "kirolean bezalaxe, hizkuntzaren normalizazioan ere denak norabide berean aritzea eta talde lanean aritzea funtsezkoa da. Zentzu horretan, Donostiako Udalarekin elkarlanean, entrenamenduetan KEES metodologia lantzen ari diren 20 kirol elkarteen jarrera eta lana goraipatu eta nire esker ona adierazi nahi dut".