Eroskik eta Circularcaps erakundeak akordioa sinatu dute kafe kapsulak birziklatzea sustatzeko

Kafe kapsulak birziklatzeko edukiontzia Eroskin.
EROSKI
Publicado: lunes, 6 mayo 2024 17:10

BILBO, 6 May. (EUROPA PRESS) -

Eroski kooperatibak eta Circularcaps erakundeak lankidetzarako akordio bat sinatu dute erabilitako kafe kapsulak birziklatzea sustatzeko, kontsumitzaileek kooperatibaren saltokietan uzteko aukera erraztuz. Horretarako, Eroskik kapsulentzat bereziak diren Circularcapsen edukiontzi hori berriak jarri ditu bere sare komertzialeko 700 dendatan baino gehiagotan, eta bezeroek aluminiozko zein plastikozko kapsulak utz ditzakete jada edukiontziotan.

Eroskik alderantzizko logistika erabiliz eramango ditu berriro kapsulak banaketa plataformetara, eta horrela, hondakinen garraioak ingurumenean duen inpaktua ere murriztuko du. Circularcapsek 6.500 bilgune baino gehiago ditu dagoeneko, eta 42 milioi laguni ematen die zerbitzua.

Alejandro Martinez Berriochoa Eroskiko Osasun eta Jasangarritasuneko zuzendariak ziurtatu du prozesu guztietan "irmo" mantentzen dutela "jasangarritasunaren aldeko konpromisoa", eta hitzarmena bat datorrela konpromiso horrekin, "une oro bermatzen baitu kafe kapsulen hondakinak egoki biltzen direla, gaika sailkatuta".

"Hitzarmen honek bide emango digu aurrerantzean ere kafe kapsulek dituzten lehengaien %100 berreskuratzeko, eta gainera, bezeroei erraztasunak emango dizkiegu beren kontsumoak ingurumenean duen eragina murrizteko", azaldu du.

Bestalde, Alberto Vega Circularcaps irabazi asmorik gabeko erakundeko zuzendariak adierazi du "poz handia" ematen diola Eroski Circularcaps taldearen parte izateak. "Eroskik gurekin bat egin izanak ezin hobeto islatzen du ekonomia zirkularraren bidean aurrerapausoak emateko egiten duen ahalegina: kontsumitzailea du ardatz eta beste bizitza bat ematen die plastikoari, aluminioari eta kafe hondarrei", esan du.

Contador