Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin dute aurten ere

Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina.
UEMA
Actualizado: jueves, 25 marzo 2021 12:47

BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiaraziko dute ostegun honetatik aurrera UEMAk eta hainbat erakunde publikok, elkarlanean, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian. Lurralde bakoitzeko foru ogasunaren arabera webguneak, telefonoak eta gainerakoak aldatzen diren arren, moduak antzekoak dira kasu guztietan, eta horietan euskararen aldeko hautua egitea da UEMAk lortu nahi duena kanpaina honekin.

UEMArentzat, administrazioa euskalduntzeko duen eraginagatik, errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea garrantzitsua da, "euskararen normalizaziorako bidean udalerri euskaldunak egiten ari diren beste urrats bat baita".

"Urratsa sendoa izan dadin, ordea, herritarren babesa eta parte hartzea ere beharrezkoa da, eta hautu horretan eragin nahi du aurten ere UEMAk, udalekin eta beste hainbat erakunde publikorekin elkarlanean abiarazitako kanpainarekin, euskarak dagokion lekua izan dezan administrazio publikoan ere", adierazi dute erakundeko kideek.

Lurralde, foru ogasun, eskualde edo udal elkarte bakoitzak bere errealitate soziolinguistikoaren arabera moldatzen du kanpaina eta mezua, eta UEMA ere horren arabera ari da elkarlanean bateko eta besteko erakundeekin.

Gaur egun, errenta aitorpen gehienak mekanizatuak dira lurralde gehienetan, baina Nafarroan, esaterako, ondasunetan aldaketak izanez gero, banketxeetan eta aholkularitzetan zuzentzen dituzte. Beraz, horietarako 'Hemen errenta aitorpena euskaraz egin dezakezu' mezuarekin kartelak zabalduko dituzte leku horietan.

Era berean, UEMAko kide diren Nafarroako herrien zerrendarekin ere kartela zabalduko dute, herritarrei datuak hobetzeko gonbidapena eginez. Nafarroan apirilaren 12an hasiko da kanpaina telematikoa, eta apirilaren 19an aurrez aurrekoa.

BIZKAIA ETA GIPUZKOA

Bizkaian, errenta aitorpena egiteko modu erabilienetakoa finantza erakundeen bulegoetara jotzea da. Horregatik, UEMAk zenbait finantza erakunderekin duen hitzarmenaren baitan, herritarrei errenta euskaraz egin dezaketela gogorarazteko berariazko neurriak landu dituzte aurten ere. Zenbait udalek eta mankomunitatek ere finantza erakundeekin elkarlanean egingo dute aurten ere kanpaina, herritarrak errenta aitorpena euskaraz egitera gonbidatuz.

Gipuzkoan, berriz, iaz abiarazi zuen '100.000 zergadun Ogasunarekin euskaraz' egitasmoari helduko dio aurten ere Foru Aldundiak. Lau urterako egitasmoa aurkeztu zuen 2020an, eta horren baitan, 'Ogasunarekin euskaraz' leloa gehituko dute aurtengo kanpainari lotutako euskarri guztietan.

UEMAk ere, Gipuzkoako Aldundiarekin bat eginez, lelo hori gehitu du lurraldeko udaletarako prestatutako euskarri denetan. Euskarri horiek egokitu dituzte gero tokian tokiko erakundeek, dagozkien mezuak eta datuak sartzeko. Oarsoaldean, esaterako, eskualdeko udal guztiek egin dute bat kanpainarekin, azken urteotan bezala, eta errenta euskaraz egiten duten herritarren artean otorduak ere zozkatuko dituzte.