Eskoziako garapenerako agentzia energia berriztagarrien proiektuetan ari diren enpresak ezagutzen izan da Gipuzkoan

Gipuzkoako eta Eskoziako ordezkariak
Foto: GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: viernes, 24 abril 2015 12:51

DONOSTIA, 24 (EUROPA PRESS)

   Eskoziako Enpresa Garapenerako Nazioarteko Agentziaren (Scotish Development International) ordezkaritza batek Gipuzkoa bisitatu du ostiral honetan, lurraldeko energia berriztagarrien sektorearen berri izateko. Eskoziako Gobernuaren agindupean, enpresekin nazioarteko lankidetza sustatzeaz arduratzen da agentzia.

   Foru Aldundiak jakinarazi duenez, Gipuzkoak harreman zuzenak ditu Eskoziako Gobernuarekin, hainbat eremu eta sektoretan lankidetza aukerak zabaltzeko helburuarekin. Bisita Gipuzkoa-Eskozia proiektuaren barruan egin da (Goierriko eskualde garapenerako Goieki agentziak sustatu eta Aldundiak finantzatutako proiektu bat da).

   Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko foru diputatu Jon Peli Uriguenek, Lurralde Garapeneko foru zuzendari Pedro Iturbek eta Goieki Agentziako lehendakari Igor Egurenek harrera egin diete Paul O'Brian Eskoziako Agentziako energia berriztagarrien ataleko arduradun eta  itsas energian eta itsas energia eolikoan adituari eta Anusha Appadoo alor horretan Eskoziako Agentziak Europako Hegoaldean duen arduradunari.

   Jardunaldiak bi helburu izan ditu: batetik, Eskoziako Agentziari aukera ematea Goierriko eta Gipuzkoako ehun industriala ezagutzeko, aurkezpenak eta bisitak eginez, eta, bestetik, Agentzia harremanetan jartzea Gipuzkoako enpresekin. Hala, Eskoziako Agentziako arduradunek Ennera bisitatu dute (CAF taldearen filiala energia berriztagarrietan eta mugikortasun jasangarrian), baita Irizar Forge, Indar eta AMPO enpresak ere.

   Uriguenek EAEko energia sektorearen osasuna nabarmendu du, 44.000 milioi euro fakturaazioarekin eta 68.000 langile eta 350 enpresarekin. Bere hitzetan, "kluster bat osatzen dutelarik, gure enpresek badute nahikoa gihar eta kaudimen tekniko energia berriztagarrien alorrean proiektu garrantzitsuei ekiteko, zehazki, itsas energiako eta itsas energia eolikoko planten alorrean".

   "Gaurko bisitari esker, Eskoziako Enpresa Garapenerako Nazioarteko Agentziako arduradunek, energia mota horren alde apustu irmoa egin duen Eskoziaren ordezkari gisa, gure enpresen berri izan dute, eta jakin ahal izan dute enpresa horiek badutela gaitasunik arlo horietako proiektuetan parte hartzeko", azaldu du.