Espezieen kontserbazioa, Hezeguneen Munduko Egunaren ardatza Euskadin

Actualizado 2016/01/25 11:13:03 CET
Hezegunea
IREKIA

BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak espezieen kontserbaziorako giltzarriak aztertuko ditu datorren ostegunean, urtarrilaren 28an, Txingudi Ekoetxean egingo den jardunaldi batean. Txingudiko paduretan izango da, hain zuzen, Ramsarko hitzarmenaren sinatzea oroitzen duen Hezeguneen Munduko Egunaren ospakizunarekin bat etorriz.

   Jardunaldian, administrazioko espezialistek eta langileek hezeguneekin zerikusia duten espezieen kontserbazioari lotutako oinarri zientifikoak aurkeztuko dituzte eta horien inguruan eztabaidatuko dute batez ere.

   Alexander Boto Eusko Jaurlaritzako Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendariak esan duenez, "honako hauek izango dira jardunaldi teknikoaren ardatzak: hegazti faunak azken urteetan Euskal Autonomia Erkidegoan izandako bilakaera, arrain hiruarantzaren eta apo lasterkariaren gisako espezieen errealitatea, odonatuak eta hezeguneen ingurumen osasunaren adierazle gisa duten garrantzia, saguzarren eta ur gezeko masen arteko harremana, ahaztu gabe Euskadiko itsasadarretako landaredi baskularraren gaur egungo egoera mehatxupekoa".

   Jose Luis Telleria Madrilgo Konplutentse Unibertsitateko katedradun eta kontserbazioaren biologiaren esparruan erreferentziazko adituak alor horren inguruko alderdi ekologiko eta kulturaletatik abiatuta helduko dio gaiari. "Espezieen desagertzeak erronka bikoitza planteatzen digu: gertatzen denari buruz informatzekoa eta hori galarazteko ardura gure gain hartzekoa", nabarmendu du Telleriak.

ANIZTASUN HANDIA

   Euskadik aniztasun handia du, hala animaliei nola landareei dagokienez, eta espezie horiek kontserbatzea gizarte osoak hartu beharreko erantzukizun bat da. Euskadin Natura 2000 Sareari atxikitako 60 gune babestu daude, eta orotara, lurraldearen %20,5 hartzen dute barne. Horrek agerian jartzen du erakundeek bere egin dutela ondare

naturala babesteko eta biodibertsitatea zaintzeko konpromisoa.

   Alexander Botoren arabera, "Natura 2000 Sarearen kontserbazioak biodibertsitatearen galeraren eraginak eteteko aukera emango du". Askotarikoak eta konplexuak dira kausak: habitaten degradazioa eta fragmentazioa, espezie inbaditzaileak sartzea, eskala handiko kutsadura, baliabideen gehiegizko ustiapena, klima aldaketak eragindako

prozesuak eta abar.

   Ondorioak ezin dira aurresan eta espezie mailaz harago agertuko dira, baita ekosistema mailan eta maila genetikoan ere. Natura 2000 Sarea Europar Batasuneko balio natural handieneko eremuak hartzen ditu barruan. Habitaten Zuzentarauaren arabera ezarri zuten, habitat naturalak eta bertako basafauna eta flora zaintzeko asmoz. Natura 2000 Sareak habitat naturalen eta bertako basafaunaren eta basafloraren egoera ona bermatzea du helburu.

   Euskal Autonomia Erkidegoak nazioarteko garrantziko sei hezegune gehitu dizkio Ramsar Zerrendari: Urdaibai, Txingudi, Guardiako aintzirak, Ullibarri Ganboa urtegiko adarrak, Añanako gatzagak, Caicedo Susoko eta Salburuko aintzirak. Guztien artean, 1.734 hektareako azalera betetzen, eta lurraldeko azalera osoaren %0,23 inguru hartzen dute.