Europako 35 herrialdetatik heldutako 180 Historia irakasle bildu dira Donostian

Lóa Steinunn Kristjánsdóttir Eurocklio elkarteko lehendakaria
IKASTOLEN ELKARTEA
Actualizado: lunes, 3 abril 2017 17:48

DONOSTIA, 3 (EUROPA PRESS)

Euroclio Historia irakasleen Europako Elkartearen biltzarra hasi da astelehen honetan Donostian, eta Europako 35 herrialdetatik heldutako 180 Historia irakasle inguru bilduko ditu ostirala arte, "Nola alda daiteke, egun, Historiaren irakaskuntza?" moduko galderei erantzuteko. Ikastolen Elkartea, Euroclioko kide gisa, aurtengo biltzarraren antolatzailea da.

Horrela, Ikastolen Elkarteak jakinarazi duenez, biltzarra 09:00etan hasi da. Nekane Agirre Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko zuzendaria, Agustin Erkizia Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Donostiako campuseko errektoreordea eta Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria izan dira sarrera hitzak egiten lehenak. Hauen ondotik hartu dute hitza Lóa Steinunn Kristjánsdóttir Euroclioko lehendakariak eta Tatiana Milko Europako Batzordeko Historia Irakaskuntzako buruak.

Ondoren, eguneko lehenbiziko hitzaldia heldu da. Mario Carretero Madrilgo Unibertsitate Autonomoko irakaslea izan da hizlaria, eta "Historia Lokala (Memoria Kolektiboa) vs. Historia Globala" izan du mintzagai.

Carreterok berak eta Joke van der Leeuw Roord Euroclioko lehendakari ohi eta sortzaileak gidatutako mahai inguru batek eman dio jarraipena biltzarrari. "Espainiar Estatuan oraindik eztabaida pizten duten gertakari historikoak. Nola islatzen dira eztabaida horiek egungo Historia eta politikaren irakaskuntzan?" izenburuko mahai inguruan parte hartuko dute Jose Alvarez Junco eta Ander Delgado unibertsitate irakasleek eta Giles Trimlett kazetari eta historialariak.

AUKERA ETA ERRONKAK

"Nola alda daiteke, egun, Historia irakaskuntza?" galderak planteatzen dituen aukera eta erronken aurrean hainbat gai eta mintzagai gako jorratuko dira biltzarrean. Halaber, lokala-globala eta iragana-oraina batzen diren elkargunearen aukeretatik jorratuko dira gaiak.

Itzal handiko adituek parte hartuko dute bilkuran, eta, dagoeneko jorratu dituzten gaiez gain, besteak beste, gai hauek jorratuko dituzte:
"Non amaitzen da Historia lokala eta non hasten Historia globala?", "Gazteen parte hartzea: Historia ikasten, eginez", "Iraganaz arduratzen den gizartea, Historiaren irakaskuntzan: gizarte zibilaren ekimenak ezagutzea", "Hezkuntza praktikaren bidez esperimentatzea: hainbat ikastola eta ikastetxetara bisitak" eta "Baliabide berritzaileetarako sarbidea: Historiana webgunearen sustapena, on line ikastaro berriak, eta proiektu baliabide berriak".

Gai horiez gain, parte hartzaileek bisitak ere egingo dituzte, besteak beste, Gernikako Bakearen Etxera eta Batzar Etxera, edota Gogora Institutuaren Memoria Plazara. Donostiako San Telmo museoa, Pasaiako Albaola museoa, EHUren Hezkuntza museoa ere bisitatuko dituzte, eta Donostiako oroimenaren ibilbidea ere egingo dute.

Gainera, igandean, Donostiako alkate Eneko Goiak harrera egin zien udaletxean Euroclioren Urteko Bilkuran parte hartzen ari diren kide guztiei. Astelehen honetan, ilunabarrean, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak egingo die harrera.