EUSKADI.-Bi pertsona atxilotu dituzte Bilbon bi tabernatako zerbitzariei erasotzeagatik

Actualizado 2010/03/01 14:00:48 CET

BILBO, 1 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek bi lagun atxilotu zituzten atzo Bilboko Indautxu eta Deustu auzoetako bi tabernatan zerbitzari bana jotzea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko iturriek gaur jakinarazi dutenez.

Lehenbiziko gertakaria atzo arratsaldeko 15:00ak aldera jazo zen, emakumezko batek Indautxuko taberna batera Ertzaintza bertaratzeko eskatu zuenean. Dirudienez, lokalaren kanpoaldean zegoen emakume batek zerbitzaria (beste emakume bat) jo zuen; hain zuzen, ostiko bat eman zion eta, iletik helduta, arrastaka eraman zuen. Tabernan zeuden lekukoekin hitz egin ostean, agenteek erasotzailea atxilotu egin zuten.

Atxilotu zutenean, emakumezkoak herio-mehatxuak egin zizkion biktimari. Atxilotua (32 urteko emakume bat) ertzainetxe batera eraman zuten, lesio-delitu bat eta herio-mehatxuen delitu bat egin izana egotzita.

Ordu berean, beste zerbitzari bat jarri zen harremanetan Ertzaintzarekin, eta Bilboko Deustu auzoko lokal batera patruila bat bidaltzeko eskatu zuen. Heldu zirenean, ertzainek ikusi zuten tabernatik irteten ari zen gizonezko batek labana bat (zabalduta zegoen) eta bi poltsatxo (ustez, droga) lurrera botatzen zituela. Agenteek hura identifikatu ostean, zerbitzariak jakinarazi zuen gizon hark lepotik heldu eta labana batekin herio-mehatxua egin ziola.

Lokaleko bezeroek (liskarrean esku hartu zuten, bi gizonak banantzeko) baieztatu egin zuten biktimak esandakoa; hortaz, ertzainek ustezko erasotzailea (33 urteko gizon bat) atxilotu egin zuten, erasoaren delitu bat eta herio-mehatxuen delitu bat egin izana egotzita.