EUSKADI.-Bikotekidea aurpegian jo duen 40 urteko gizon bat atxilotu dute Bilbon

Actualizado: jueves, 12 marzo 2009 18:16

BILBO, 12 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 40 urteko gizonezko bat atxilotu dute gaur gauean Bilbon, ustez genero indarkeriaren delitu bat egotzita. Gizonezkoak bikotekidea jo du, eta emakumezkoak zauri ugari jasan ditu aurpegian. Atxiloketaren unean, erasotzaileak jarrera erasokorra erakutsi du eta, ondorioz, agintaritzaren agenteen kontrako erresistentziaren, mehatxuen eta atentatuaren ustezko delituak ere leporatu dizkiote.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, gertakariak gauerdi aldera jazo dira Bilboko ostatu batean. Bertatik ertzainak bidaltzeko eskatu dute, eraso bat gertatzen ari omen zelako. Bertaratu direnean, agenteek aurpegian eta arropan odola zuen emakumezko bat ikusi dute eta, bere aldamenean, gizonezko bat (bere bikotekidea) zegoela ohartu dira.

Dirudienez, eztabaida baten ostean, gizonezkoak bikotekidea aurpegian eta gorputzean jo du. Emakumezkoak zauri eta hantura ugari zituen aurpegian, baita hortz bat hautsita ere. Anbulantzia bateko medikuek biktima artatu dute.

Ertzainek bertan zegoen ustezko erasotzailea identifikatu eta atxilotu dute, genero indarkeriaren delitu bat egotzita. Atxiloketaren unean, gizonezkoak aurka egin die agenteei indarkeriaz (ostikadak emanez, besoei eraginez eta borroka eginez) eta ihes egiten saiatu da.

Halaber, Ertzaintzaren egoitza batera eramaten zuten bitartean, atzemandako gizonezkoak polizia autoko atzeko kristal bat hautsi du eta, ondoren, herio mehatxua, irain eta aurka egin die agenteei. Hori dela eta, agintaritzaren agenteen kontrako erresistentzia larriaren, kalteen, mehatxuen eta atentatuaren ustezko delituak ere leporatu dizkiote.

Atxilotuak aurrekariak ditu indarkeriaz egindako lapurretaren delituengatik eta beste delitu batzuengatik, eta hainbat aldiz espetxeratu dute. Polizia eginbideak bukatzen dituztenean, auzitegiaren esku geratuko da.