EUSKADI.-Bilboko Udalak Aste Nagusiko 150 bereizgarri banatu ditu Alde Zaharreko eta BilbaoCentro merkataritza elkarteetan

Actualizado: miércoles, 29 julio 2009 14:49

BILBO, 29 Jul. (EUROPA PRESS) -

Iñaki Azkuna Bilboko alkateak eta Isabel Sanchez Robles Turismo eta Jaietako zinegotziak "Aste Nagusia, Bilbao Zabalik" 150 bereizgarri eman dizkiete Jorge Aio BilbaoCentroko eta Jon Aldeiturriaga Alde Zaharreko merkataritza elkarteetako kudeatzaileei. Bereizgarriak jaietan irekita izango diren dendei eta ostalaritza-lokalei zuzenduta daude.

Honela, abuztuaren 15etik 23ra bitartean irekita egotea aurreikusita duten saltokiek eta ostalaritza-lokalek euren ateetan eta erakusleihoan bereizgarri hauek erakutsi ahal izango dituzte. Gainera, ekitaldian Alisas Berri tabernaren erakusleihoan ipini da lehenengo biniloa sinbolikoki.

Neurri honekin, Bilboko Udalak bere laguntza azaldu nahi izan die dendariei eta ostalariei gaur egun bizi den krisialdian. Izan ere, Udalaren ustez, abuztuan Aste Nagusia da "Bilboko motor ekonomikoa".

"300 ekitaldi baino gehiagok osatzen dute Aste Nagusiko programa ofiziala, Bilboko Udalak eta Jaietako Batzordeak programatutako ekintzak bakarrik kontuan hartuta. Ekitaldi horiek guztiak dira hainbat eta hainbat negozioren ekonomia elikatzen duten erregaia, abuztuko sasoi honetan beren kontuak koadratzeko zain dauden hainbat negozioren elikagaia. Neurri sinboliko honekin hiribilduko dendariei eta ostalariei gure laguntza eskaini nahi diegu", esan su Isabel Sanchez Roblesek.

2002. urtean Bilboko Udalak egindako ekonomia ikerketa baten arabera, Udalak Aste Nagusian inbertitutako euro bakoitzeko hamar itzultzen dira hirira.