EUSKADI.-Bilboko Udalak hiriko baliabide eta zerbitzuen ezagutza sustatuko du 31 ikastetxetan

Actualizado: lunes, 18 enero 2010 14:55

BILBO, 18 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailaren Kontsumitzaileen Informaziorako Bulegoak hiriko baliabide eta zerbitzuen ezagutza sustatuko du ikasturte honetan Bilboko 1.800 eskola-ikasle baino gehiagoren artean.

Kontsumo arduratsu eta iraunkorrari buruzko 2009-2010 epeko heziketa-zirkuitu hau lehen hezkuntzako hirugarren mailan eta bigarren hezkuntzan nahiz batxilergoan ikasle dabiltzan neska-mutilei zuzenduta dago.

Bisita gidatuak 2010eko urtarriletik ekainera bitartean egingo dira, euskaraz nahiz gaztelaniaz. Ildo horretan, prestakuntza-programa honek 10 eta 17 urte arteko ikasleak izango ditu partaide. Ekimenaren xedea, ezagutzan, ingurunearen behaketan eta ikerketan oinarrituta, ikasleak kontsumo arduratsu eta iraunkorrean prestatzea da, ikuspuntu kritiko batez.

Programa lau zirkuitu tematikoz osatuta dago: Ura, Garraioa, Bidezko Merkataritza eta Udal Laborategia. Ekimenean parte hartu duten 31 ikastetxeek zirkuitu horietako bat aukeratu dute, eta horren ondoren, irakasleek unitate didaktikoa landu dute ikasgelan bisita gidatua egin baino lehen.

Uraren zikuituan, urak ezinbesteko natur baliabidetzat duen garrantzia nabarmendu nahi da. Horrela, aurrezkia sustatu eta ura gaizki erabili eta ur gehiegi kontsumitzeak dakartzan ondorioak aztertuko dira. Horretarako, ikasleek Sollanoko (Zalla) araztegia bisitatuko dute.

Era berean, Garraioaren zirkuituari begira, ikasleek hiri barruko mugikortasuna eta hiri-iraunkorra bezalako gaiak landu dituzte aldez aurretik ikasgeletan, eta horri esker, errazago ulertu ahal izango dute garraiobide publikoak direla aukerarik senezkoena hiri barruko joan-etorrietarako. Hau frogatzeko, hirian zehar gidatuko dituzte garraiobide erabilgarri guztien laguntzaz (Bilbobus, metroa, tranbia, RENFE eta FEVE).

Bestalde, Bidezko Merkataritzaren zirkuituan, neska-mutilak Koopera dendara eramango dituzte, ikuspegi globalagoa hartu (birziklapena, produktu biologikoak eta Bidezko Merkataritzako salgaiak) eta kontsumoaren ohituraren aurrean era koherente eta kritikoaz jokatzeko aukera izan dezaten. Horrela, bigarren eskuko merkatua ezagutuko dute, baita produktuak lortzeko prozesua eta honetan parte hartzen duten eragile guztiak ere.

Azkenik, eskola-ikasleei Udal Laborategia ezagutzeko aukera eskaini zaie, eta horrekin batera, elikadura-segurtasuna, honi lotutako eragileak, produktu berriak, espezieen identifikazioa eta gerta daitezkeen iruzur eta intoxikazioak aintzakotzat hartzen ikasiko dute. Osasun eta Kontsumo Sailaren Udal Laborategia, mikrobiologia saila eta sail fisiko-kimiko desberdinak bisitatuko dituzte.