EUSKADI.-Carlos Maria Romeo Casabona EHUko katedraduna honoris causa doktore izendatu dute PUC Minas unibertsitate brasildarrean

Actualizado: viernes, 22 enero 2010 14:39

BILBO, 22 Ene. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zuzenbide Penaleko katedradun eta Zuzenbidea eta Giza Genomako Katedrako zuzendari Carlos Maria Romeo Casabona honoris causa doktore izendatu dute Brasilgo Minas Gerais Estatuko Pontifícia Universidade Católica-n (PUC Minas), EHUko iturriek gaur jakinarazi dutenez.

Hauxe da Romeo Casabona irakasleak jaso duen honoris causa seigarren doktoretza. Lehenago sari bera eskuratu du Tacnako Unibertsitate Pribatuan, San Agustín de Arequipako Unibertsitate Nazionalean, Santa María de Arequipako Unibertsitate Katolikoan eta Moqueguako Unibertsitate Pribatuan (laurak Perun) eta La Lagunako Unibertsitean (Tenerife).

PUC Minas Brasilgo bost unibertsitate handienetatik bat da. 1958an sortua, campus anitzeko unibertsitatea da. Campus nagusia Belo Horizonten dago, eskualdeko hiriburuan, eta guztira ia 60.000 ikasle ditu.

Romeo Casabonaren eta PUC Minasen arteko harremana 2007an hasi zen, ikerketa-proiektu batean parte hartzeko gonbidatu zutenean, biomaterial bankuek sor ditzaketen ondorio juridiko eta sozialak aztertzeko. Ordutik unibertsitate brasildarrak antolatutako hainbat mintegi eta hitzaldi eman ditu doktorego eta masterretako ikasleentzat, besteak beste.