EUSKADI.-Ekologia izango da gaur abiatu diren BBKren udalekuetako ardatzetako bat

Actualizado: lunes, 22 junio 2009 19:13

BILBO, 22 Jun. (EUROPA PRESS) -

Ingurumenaren errespetua izango da BBKren 2009ko udalekuetako hezkuntza-ardatzetako bat, eta hori dela eta, edizio honetan parte hartuko duten neska-mutilek gutxien kutsatzen duten garraio publikoak erabili dituzte gaur Sukarrietara joateko: tranbia eta trena.

BBK-tik jakinarazi dutenez, udalekuen edizio honetako lehenengo taldea gaur irten da Bilboko Arriaga plazatik. Bertan, 200 inguru neska-mutil tranbiara igo eta Atxuriko geltokiraino joan dira. Geltoki horretan EuskoTren eduki dute zain Sukarrietaraino joateko.

Trenaren aldeko apustuaren bidez, BBKren udalekuek balioak igortzeko konpromisoari eutsi nahi diote. Hezkuntza-zeregin hori urte osoan zehar garatzen da, igandeetako txangoen, aste berdeen eta gazteentzako txangoen bidez.

Horrez gain, finantza-erakundeak Urdaibaiko Begoñako Andra Maria egoitzan du Naturaren Saiakuntza eta Interpretaziorako Zentroa, eta ingurune naturalarekiko errespetua sustatzea du helburu. Era berean, BBK-k hegaztien migrazio-fenomenoa aztertzeko eta interpretatzeko zentroaren sorreran ere parte hartzen du, Urdaibaiko Biosferako eremuan.

Iazko ediziotik, udalekuetan parte hartzen duten 4.000 neska-mutilen senideek eguneroko jardueren jarraipena egin dezakete BBK-k abian jarritako blogaren bitartez. Bertan, begiraleek eguneko nondik norakoen berri ematen dute, eta neska-mutilen argazkiak jartzen dituzte.

Sukarrietako eta Briñaseko egoitzetako egonaldietan, 7 eta 13 urte arteko neska-mutilek astialdiaz era didaktikoan gozatzeko eta euskaraz hitz egiteko aukera dute. Horrez gain, euren adineko neska-mutilekin bizitzen ikasten dute, balioetan oinarritutako hezkuntza sustatzen duen ingurunean, hain zuzen ere.

Egoitzak ondo baino hobeto prestatuta daude adin horietako neska-mutilak jasotzeko, eta natura bete-betean daude kokatuta: Briñas, Errioxako Kantabria mendizerraren alboan; Sukarrieta, Urdaibaiko Biosfera bete-betean.

Eskolako oporrekin bat datorren denboraldia gaur hasi eta abuztuaren 22an amaituko da. Zortzi txanda antolatu dira. Lehen zazpiek astebete iraungo dute, astelehenetik larunbatera; eta azkenak, 15 egun. Aurreko edizioetan bezala, txanden erdiak euskaraz izango dira; beste erdiak, berriz, elebidunak.