EUSKADI.-Euskalmeten astebururako eguraldiaren iragarpena

Actualizado: viernes, 23 enero 2009 18:54

BILBO, 23 Ene. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, biharko lehen partean haizea nabarmena izango da, eta lurralde osoan zakar joko du, baina kostaldean bereziki, haize-boladek 120 km/o-ko abiadura gainditu dezakete. Arratsaldean haizea, nabarmen baretuko da.

Zerua oso hodeitsu egongo da eta euria egingo du. Tenperatura jaitsi egingo da, eta aldi berean, elur-kotak ere behera egingo du, arratsaldean 1.100 metro inguruan kokatuz.

Itsasoan, goizaldean hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, 7-8ko indarrarekin, 9-10 boladekin, goizean ipar-mendebaldera aldatuz. Itsaso zakarra edo oso zakarra eragingo du, itsaso handiko guneekin iparraldean.

Goizean zehar baretu egingo da eta arratsaldean mendebaleko haizea ibiliko da, 4-5eko indarrarekin. Itsaskia eragingo du, iparraldean itsaski handiko guneekin. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 4,5 metro inguruko olatuak altxatuko ditu.

Igandean giro oso nahasiarekin jarraituko dugu. Goizaldean ateri mantenduko da, baina eguerditik aurrera zerua estalita geratuko da eta euria egingo du. Elur-kota 900-1.000 metrotan kokatuko da. Goizean mendebal/hego-mendebaldeko haizeak indartsu joko du berriro, gauean ipar-mendebaldera aldatuz. Giroa zertxobait hoztuko da.

Itsasoan, egunaren lehenengo partean mendebald/hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, 4-5eko indarrarekin. Itsaskia eragingo du, itsaski handiko guneekin. Arratsalde eta gauean ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, 4-5eko indarrarekin, itsaski edo itsaski handia eraginez. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 4 metroko olatuak altxatuko ditu.