EUSKADI.-Euskalmeten biharko eguraldiaren iragarpena

Actualizado: miércoles, 22 abril 2009 18:45

BILBO, 22 Abr. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, giro dotorea izango da bihar. Zeruan tarteka goi-hodei finak ikusiko ditugu arratsaldean baina hauek ez diote eguzkiari traba handirik jarriko, eta hortaz, giro eguzkitsua nagusituko da egun osoz.

Tenperaturak nabarmen egingo du gora eta ordurik epelenetan 22-23 gradura iritsiko da. Goizean goiz behe-lainoa agertuko da zenbait bailaretan baina berehala jaso eta zeruan urdina nagusituko da. Haizea nora ezean ibiliko da eta kosta partean brisa sartuko da arratsalde partean.

Itsasoan, ekialdeko haizea 2-3ko indarrarekin ibiliko da, hego-ekialdekoa nagusituz goiz partean eta ipar-ekialdekoa arratsaldean. Itsaso kizkurra eragingo du eta itsaskirria arratsaldean. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 0,5-1 metro arteko olatuak altxatuko ditu.

Uraren tenperatura 13 gradukoa da eta ikus-eremua lau eta hamar kilometro artean egongo da bihar. Itsasgorak 1:58an eta 14:18an izango dira, eta itsasbeherak, 8:05ean eta 20:22an.