EUSKADI.-Eusko Jaurlaritzak Euskadiko turismoaren irudi berria aurkeztuko du Bruselan asteazkenean

Actualizado 2010/02/22 12:46:39 CET

BILBO, 22 Feb. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabe Undak Euskadiko turismoaren irudi berria aurkeztuko du Europako erakundeen aurrean asteazkenean Bruselan egingo den ekitaldi batean. Turismo-marka berria urtarrilaren 20an Madrilen estreinatu ondoren egingo den lehen aurkezpenerako Eskualdeen Batzordearen egoitza hautatu da agertoki gisa. Ekitaldi horretan Eskualdeen Batzordeko ordezkari batek eta Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko beste batek hartuko dute parte.

Hitzordu horretara Europako eskualde guztiek Bruselan dituzten ordezkariak daude gonbidatuta, baita diplomatikoak, Europako erakundeak, Belgikan bizi diren euskaldunen kolektiboa eta abar. Eskualdeen Batzordea Europar Batasuneko tokiko eta eskualdeko agintaritzen ordezkari politikoen bilgunea da. Erakunde hori Europar Batasuneko 27 herrialdeetako 344 kidek osatzen dute, eta Europar Batasuneko politikak eta legedia egiteko prozesuan tokiko eta eskualdeko enteei hitza ematea du helburu.

Eusko Jaurlaritzako iturriek jakinarazi dutenez, ETBko aurkezle Vanessa Sanchezek gidatuko du ekitaldia, eta hori amaitutakoan, Juan Mari Arzakek ekitaldirako pentsatu dituen sorkuntzak dastatuko dira. Gonbidatuen artean Athletic Club futbol taldeko kideak daude, hurrengo egunean Europa League txapelketako partida bat jokatuko baitute Belgikako Anderlecht taldearen aurka.

Ildo horretatik, Athleticeko jokalariek Euskadiko turismo-marka hedatzen lagunduko dute, eta horretarako, hainbat ekintza gauzatuko dituzte Belgikan dauden bitartean, esate baterako, horretarako diseinatutako gorbatak eta bidaia-poltsak eramango dituzte, futbol taldearen autobusa Euskadiko turismoaren irudiarekin errotulatuko da, eta marka jokalariek parte hartuko duten ekitaldietan azalduko da.

Ekitaldia, Euskadik Bruselan duen ordezkaritzan 2016an Donostia Kulturaren Europako Hiriburu izateko hautagaitzari buruz emango den hitzaldiaren biharamunean egingo da. Hitzaldi horretan Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako, Donostiako Udaleko, 2016 Donostia hautagaitzaren bulegoko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek hartuko dute parte.