EUSKADI.-1 Formula.- Hondak Ross Brawn britainiarrari saldu dio taldea eta Brawn GP izenarekin lehiatuko da

Actualizado: viernes, 6 marzo 2009 12:50

TOKIO, 6 Mar. (EUROPA PRESS) -

Honda automobil-talde japoniarrak 2007ko azarotik taldeko zuzendaria den Ross Brawn britainiarrari saldu dio bere 1 Formulako taldea, ekoizle japoniarrak komunikatu baten bidez gaur jakinarazi duenez.

Modu honetan, mundu mailako krisi ekonomikoaren ondorioz 2008ko abenduaren 5ean 1 Formulari agur esaten ziola jakinarazi zuen Honda taldea Brawn GP izenarekin lehiatuko da hiru aste barru hasiko den Munduko Txapelketan, bere jabe berriaren aginduetara.

Iaz Hondarekin aritu ziren Jenson Button britainiarra eta Rubens Barrichello brasildarra izango dira talde berriaren gidariak, martxoaren 29an Australian hasiko den denboraldian zehar.

"Hondar Motor Company Limited-ek eta Ross Brawnek pozik esan dezakete akordioa lortu dutela orain arte Honda Racing F1 izan den taldearen etorkizuna bermatzeko. Hondak berehala emango dio taldearen jabetza Ross Brawni, Brawn GP Formula One taldeko zuzendariari", dio komunikatuak.

McLaren-Mercedesen motorrekin hornituko da talde berriaren 2009ko denboraldirako autoa, baina oraindik ezin izan du frogarik egin. Azken aukera datorren astean izango du Bartzelonan, txapelketa hasi aurreko taldeen azken saioak egingo baitira bertan.