EUSKADI.-Gipuzkoako Diputazioak "Dantzan ikasi" jarri du martxan, dantza tradizionalaren irakaskuntzan laguntzeko egitasmoa

Actualizado: lunes, 20 abril 2009 15:03

DONOSTIA, 20 Abr. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Sailak "Dantzan ikasi" izeneko egitasmoa jarri du abian. Ikastaro, mintegi, eta taller teoriko zein praktikoen bidez, dantza irakasleen eta dantzarien prestakuntza osatzeko aukera eskaini nahi du foru erakundeak. Dantza tradizionala irakasgai duten irakasleei eta ikasten jarraitu nahi duten dantzariei bere trebakuntza sakontzen jarraitu ahal izateko aukera eskaintzea da helburua.

Foru erakundetik azaldu dutenez, etengabeko irakaskuntza alor guztietan indarrean dago gaur egun, eta dantza tradizionalaren alorrean ere "urrats batzuk" eman nahi ditu Gipuzkoako Aldundiak "Dantzan ikasi" egitarauaren bidez.

"Dantza tradizionalaren sektorearen osasunaren inguruko azterketak egin direnean, prestakuntza izan da dantza alorreko eragileek azpimarratu duten hutsuneetako bat. Kulturaren Euskal Planean maiz agertu da dantza tradizionalean trebakuntzarako dauden aukera urriekiko kezka", adierazi dute.

Modu honetan, ikastaroen eskaintzarekin hasi aurretik, Gipuzkoan dantza tradizionalaren alorrean irakasten diharduten dantzari eta irakasleen berri jasotzeari ekin dio "Dantzan ikasi" ekimenak. Ikastaroa jasotzeko interesa izan dezaketen irakasle eta dantzariekin harremanetan jartzeko aukera eman du horrek, eta batez ere, egitasmo honetan interesa izan dezaketen irakasle eta dantzarien berri izan da. Horrela, dantza tradizionalaren irakaskuntza lanean ari diren 250 lagunekin harremanetan jarri da "Dantzan ikasi".

Gainera, antolatuko diren ikastaroak eta mintegiak norabide jakin eta egituratu batean bideratu ahal izateko dantza tradizionalaren curriculum bat osatzeko urratsak emango ditu "Dantzan ikasi" egitarauak. Dantza tradizionalaren trebakuntzan lanean eskarmentua duten adituen eta elkarte esanguratsuen proposamen eta irizpideak jasoko dira lehenengo, eta inplikatutako agenteen parte-hartzearekin, adostasunean oinarritutako lan-dokumentu bat prestatzeko urratsak emango dira.

IKASTAROAK

Lehenengo ikastaroa maiatzaren 9an izango da. Jota eta porruaren inguruko ikastaroa izango da, Kepa Artetxe, Mikel Goitia eta Andra Mari dantzari taldearekin. Maiatzaren 23an eta 30ean, Baztango Mutik-Dantzak izango dira protagonista, eta Patxi Larralde, Xabier Larralde eta Mikel Aranburu izango dira irakasleak. Irailaren 26an, Goierriko dantzak ezagutzeko aukera izango da Mikel Sarriegirekin.

Ikastaro hauek guztiak Donostiako Artelekun izango dira. Izena emateko epea maiatzaren 1ean amaituko da lehenengo bi ikastaroetarako eta irailaren 12an Goierriko dantzen ikastarorako. Izen-ematea e-mailez egin daiteke (ikasi@dantzan.com) edota postaz txartela behar bezala beteta, "Dantzan ikasi"-ra bidalita (Dantzan Ikasi, 513 Posta Kutxatila. 20600. Eibar)

"Dantzan ikasi" Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimena da, eta Dantzan.com elkartea arduratuko da egitasmoaren kudeaketa teknikoaz. Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarra eta Ikerfolk elkarteek gainbegiratuko dute proiektuaren ibilbidea "Dantzan Ikasi"-ren Jarraipen Batzordetik.