EUSKADI.-Gipuzkoako Diputazioak hitzarmena sinatu du Euskal Herriko Notarioen Elkargoarekin zerga iruzurrari aurre egiteko asmoz

Actualizado: jueves, 9 julio 2009 16:11

DONOSTIA, 9 Jul. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantzetako foru diputatu Pello Gonzalezek hitzarmen bat sinatu du gaur Euskal Herriko Notarioen Elkargoko dekano Manuel Lopez Pardiñasekin eta Notariotzaren Kontseilu Orokorreko presidente Antonio Ojeda Escobarrekin, teknologia berriak erabiliz bi entitateen arteko informazio bideak errazteko eta zerga iruzurrari aurre egiteko asmoz.

Hitzarmen horri esker, Gonzalezen arabera, "tresna berri bat zango dugu, Ogasun eta Finantza Sailak etxegintzako sektorean zerga iruzurrari aurre egin, ondasun higiezinen eskualdaketei buruzko informazio hobea izan eta higiezinen benetako erabilerari jarraipena egin diezaion".

Gaur egun, Notariotzaren Kontseilu Orokorrak aurkibide informatiko bakarra du, teknologia berriak erabilita, notarioak baimendutako agiri publikoen edukia elektronikoki gorde eta sailkatzeko. Horrek aukera ematen du iruzur zantzua duten eragiketa guztien berri eman eta arakatzeko, alor horretan eskumena duten organismo judizialek eta administrazioek aztertu ditzaten.

Gainera, hitzarmen honen bidez, behar diren bitartekoak eta prozedurak jarriko dira Gipuzkoako Foru Aldundiko katastro zerbitzuaren eta bertan aritzen diren notarioen arteko koordinazioaren printzipioa hobetu dadin, betiere kudeaketa hobea egite aldera.

Aurkibide informatizatu bakarrak aukera emango du zenbait informazio lortzeko, besteak beste, Gipuzkoan edo hortik kanpo izandako gertakari, egintza edo negozioei buruzko informazioa, horiek Gipuzkoako Foru Aldundiari lotutako zergadunek eginak direnean; edo iruzur arriskua duten eragiketei edo eragiketa taldeei buruzko informazioa, zeinetan agerian jartzen diren ondasun higiezinei buruzko gertakari, egintza edo negozioak, betiere esku hartzaileetako batek helbidea Gipuzkoan badu edo higiezina lurralde horretan kokatuta badago.

Bestetik, notariotzetan hainbat tramite bete daitezke, hala nola eskriturek eragindako zergak ordaintzea, sozietate eratu baten identifikazio fiskaleko zenbakia lortzea edo katastro informazioa eskuratzea. Horrelako tramiteen bidez, herritarrek arinago eta errazago bete ditzakete obligazioak. Azken finean, tresna bat gehiago izango da, zerga iruzurrari aurrea hartu eta herritarren gestioak errazteko.