EUSKADI.-Ostegunean jarriko dira salgai Pirritx eta Porrotxek Bilboko La Casillan emango duten ikuskizunerako sarrerak

Actualizado: martes, 17 marzo 2009 14:17

BILBO, 17 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ostegun honetatik aurrera erosi ahal izango dira Pirritx eta Porrotx pailazoek Bilboko La Casilla pabiloian eskainiko duten ikuskizunerako sarrera. "Piratak" Bilboko Udaleko Euskara Sailaren eta Topagunearen "Ikusi eta Ikasi" umeentzako ekitaldi programaren amaierako ekitaldia izango da.

Horrela, martxoaren 28an 11:00 eta 17:00etan egingo diren bi emanaldientzako sarrerak salgai jarriko dira ostegunean BBK-ren orotariko kutxazainetan, telefono bidez eta interneten, lau euroko prezioan, Bilboko Udaleko iturriek prentsa ohar bidez gaur jakinarazi dutenez.

Ikuskizunera doazen guztiek Pirritx eta Porrotx "pirata atsegin, alai eta kantariak ezagutzeko aukera izango dute". Bertan, "Altxor bila", "Araba saltoka" eta "Piratak algerrak" bezalako kantuak abestu eta antzeztuko dituzte bi pailazoek Mari Mototsen eta Patakon pirataren laguntzarekin.

"Ikusi eta Ikasi" Bilboko Udaleko Euskara Sailak Topagunea Euskara Elkarteko Federazioarekin eta BBK-rekin antolatzen duen ekimen egonkorra da. Kultur zirkuituaren helburu nagusia da Bilboko haurren artean euskararen erabilera sustatzea haien aisialdian. Halaber, haurren artean bidezko heziketa, parte-hartzea, gizatasuna eta sormena bultzatzea ere bilatzen du.

Aurten, 3 eta 12 urte bitarteko umeei egokitutako 30 ikuskizun antolatu dira (antzerkia, ipuin kontalariak, txotxongiloak, magia, pailazoak). Emanaldiak Begoñako, Ibaiondoko eta Deustuko udaltegietan eta Errekaldeberri, Tiboli, Zamakola eta Zurbarango ikastetxeetan egingo dira, urtarrilaren 20tik martxoaren 28ra bitartean.