EUSKADI.-UEUk Kondaira.com euskarazko historia aldizkari elektronikoaren seigarren alea kaleratu du

Actualizado: martes, 4 diciembre 2007 13:44

BILBO, 4 Dic. (EUROPA PRESS) -

Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) Historia Sailak Kondaria.com (www.kondaira.com) historia alorreko aldizkari elektronikoaren 2007. urteari dagokion kaleratu du, orain arteko seigarrena, hain zuzen ere. Enara Artetxe Sánchez Arte Ederretako lizentziatuak "XIX. mendeko paper gaineko argazkigintzaren historia" gaia landu du aurtengo edizioan, UEUko iturriek jakinarazi dutenez.

UEUko Historia Sailak 2003an jarri zuen martxan Kondaira.com. Aldizkari honetan, kalitatea zainduz, orotariko historia lanei ematen zaie leku eta bere helburu nagusien artean historiagile eta historiazale euskaldunen arteko harremanak garatzea aurkitzen da. Kondaira.com historia gaiez aritzen da euskaraz, horretan aitzindari eta dagoeneko alorreko erreferentzia izanik.

Mikel Aizpuru historialari eta UEUko kidearen esanetan, Kondaira.com-en ekarpena "garrantzitsua" izan da, eta 1973an Udako Euskal Unibertsitatea lehen aldiz antolatu zenetik, historiak bertan "presentzia nabarmena" izan duela gogoratu du.

Halaber, Jurgi Kintana Kondaira.com-eko zuzendariak eta UEUko kideak azaldu du euskaraz historian espezializaturiko aldizkaririk ez zegoenez, Kondaira hutsune hori betetzeko asmoz sortu zela. "Kondaira doakoa da, eta interneten dago mundu guztiarentzat eskuragarri. Formatu elektronikoak paperezko aldizkariek baino zabalkunde eta aukera interaktibo handiagoak ahalbidetzen ditu. Kondaira historian interesa duten guztiei zuzenduta dago: historia irakasle, ikertzaile, ikasle zein historiazaleei", adierazi du.

Kondaira.com-eko orri nagusian historia artikuluak agertzen dira, eta haien laburpena ikusi edota artikulu osoa norbere ordenagailura jaisteko aukera dago (pdf formatuan). Artikuluen sail hau orotariko historia lanei irekita dago.

Artikuluez gain, historiaren irakaskuntzan baliagarriak izan daitezkeen historia materialak (testuak, mapak eta aurkezpenak) ere aurki daitezke. Historia materialen atalean Euskal Herriko zein

munduko testu eta mapa historikoen corpus gero eta handiagoa biltzen

saiatzen da, mota honetako materialak dituenak bertan jar ditzakeelarik. Era berean, historiarako hainbat esteka interesgarri ere aurkitu daitezke bertan.

Azkenik, historialari eta historiazale euskaldunen arteko harremanak garatzeko blog bat ere badago. Era horretara Kondaira aldizkariak, euskaldun historialarien bilgune eta erreferentzia izan nahi du. Beraz sakabanaturik dagoen euskaldun historialarien mundua harremanetan jarri, eta ikuspegi desberdinak errespetatuz, guztientzako plataforma komun bat eratzeko xedez sortzen da aldizkaria.