EUSKADI.-Xarles Videgain euskaltzain urgazlea proposatu dute euskaltzain oso izateko

Actualizado: viernes, 27 febrero 2009 18:26

DONOSTIA, 27 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskaltzaindiak Donostian gaur egin duen osoko batzarrean, Txomin Peillen euskaltzain emeritu izatearen ondorioz sortu den hutsunea betetzeko hautagaiak aurkezteko azken aukera izan da, eta Xarles Videgain proposatu dute hutsune hori betetzeko. Datorren martxoan egingo den osoko batzarrean egingo da bozketa.

2008ko abenduaren 19an, Pasaian egindako osoko batzarrean, 31. domina-hutsartea aldarrikatu zen, Txomin Peillen euskaltzain emeritu izatearen ondorioz. Hutsune hori betetzeko, Xarles Videgain euskaltzain urgazlea proposatu dute Piarres Charritton, Jean Haritschelhar, Joseba Lakarra eta Beñat Oihartzabal euskaltzain osoek.

Xarles Videgain (Baiona, 1947) Letretan doktorea da, eta Euskal Literatura eta Euskal Mintzairaren katedra du Pabeko eta Aturrialdeko unibertsitateetan. Euskaltzaindiaren Atlasgintza lantaldeko arduradun teknikoa da, Gotzon Aurrekoetxearekin batera, bai eta Hiztegi Batuko lantaldeko kidea ere.

"Atlas linguarum Europae" lanaren batzorde eragilearen kidea eta

"Lapurdum" agerkariaren idazkaria da 1996tik. Michel Continiren gidaritzapean Grenobleko Unibertsitateak argitaraturiko "Geolinguistique" agerkariaren erredakzio-batzordekide da, eta

"Atlas Linguarum Europae" lanaren Batzorde eragilearen kide. Halaber,

"Sacaze" proiekuaren arduraduna da, Akitania-Euskadi funtsetik, 2008tik.