Euskadiko 1.100 mikroETE eta autonomok jada ezarri dituzte beren negozioak hobetzeko konponbide informatikoak

Actualizado: viernes, 1 febrero 2013 17:56

BILBO, 1 Feb. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak -SPRIren bidez- 8.000tik gora Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKT) konponbide ezarri ditu Euskadiko 1.100 mikroETE eta autonomoren negozioetan, beren lehiakortasuna hobetu dezaten. MikroETE eta autonomoen negozioetan IKT txertatuz mikroenpresen arteko eten digitala murriztuko da eta, gainera, 2.0 Negozio bilakatuko dira, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak nabarmendu duenez.

Programa honi esker, edozein jarduera-sektoretako autonomo eta mikroETEek beren negozioen lehiakortasuna hobetuko dute IKT txertatuz. Hala, tresna teknologiko berrien erabilera ikasiko dute, tresna horien bidez beren produktu eta zerbitzuak interneten sustatzeko, bezero berriak lortzeko, denbora aurrezteko, kudeaketa kostuak hobetzeko, premiarik gabeko joan-etorririk ez egiteko, negozioaren irudia hobetu eta modernizatzeko eta bezeroekiko harremana indartu eta leialtasun maila handiagoa lortzeko.

Momentuz, SPRIren bidez batez beste zazpi konponbide ezarri dira negozio bakoitzeko; hala, 790etik gora enpresak beren produktu eta zerbitzuak ezagutarazi dituzte interneten sare sozialetako profil profesionalen bitartez, eta 430 baino gehiagok beren webgunea hobetu dute edo atari berri bat sortu dute, gaur egungo joerei egokituago dagoen erakusleiho birtual bat lortzeko.

Hain zuzen, mikroETE eta autonomo gehienek (%75) adierazi dute programan parte hartu dutela beren negozioa interneten sustatzeko, %70ak dio berentzat garrantzitsuena bezeroen leialtasuna lortzea dela, eta %69k aitortu du negozioa modernizatu nahi duela eta denbora aurreztu eta kostuak merkatu.

Aipatzekoa da, eta halaxe adierazi dute parte-hartzaileek, garrantzitsua dela aholkulari teknologikoaren edo "inplantari" delakoaren zeregina. Zerbitzu pertsonalizatua eskaintzen du, negoziora bertara joaten da, bakoitzaren premiei ongien egokituriko tresna teknologikoak hautatzen ditu, tresna horiek ezartzen laguntzen du eta tresna erabiltzeko prestakuntza egokia eskaintzen du, eta den-dena dohainik gainera.

ONURAK

Programak konponbide digitalak ezartzen eta laguntzen die mikroETE eta autonomoei, eta konponbide horiei esker parte-hartzaileen %70ek bere marka irudia hobetu du eta %50ek bezero gehiago lortu ditu.

Hala, eta batzuk aipatzearren, hauek dira ezarri diren konponbide digitalak: mapa birtualak, negozioa kokatzeko; QR kodeak, sakeleko dispositiboek ematen dituzten aukeren bidez ezagutzera emateko; sare sozialak, norbere burua aurkeztu eta bezero berriak lortzeko; e-marketineko kanpainak, bezeroei mailingak edo sms-ak bidaliz; onlineko publizitatea.

Eusko Jaurlaritzak eta SPRIk, beren konpromisoari eutsiz, negozio txikien lehiakortasuna hobetu nahi dute IKT bidez, eta horregatik, zabalik dago ekimen honetan parte hartzeko epea.