BPG %0,2 eta enplegua %0,5 hazi dira EAEn 2021eko lehen hiruhilekoan, aurrekoaren aldean

Archivo - Langile bat enpresa batean.
EUROPA PRESS - Archivo
Actualizado: lunes, 19 abril 2021 13:38

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Barne Produktu Gordina (BPG) %0,2 eta enplegua %0,5 gehitu dira 2021eko lehen hiruhilekoan, aurrekoarekin alderatuta, Eustat euskal estatistika erakundeak egindako hiruhileroko kontuen aurrerapenaren zenbatespenen arabera.

Ekonomiaren urteko lehen hiruhilekoko aurrerapena apalagoa izan da 2020ko azken hiruhilekoan zenbatetsitakoa baino (%0,5), baina tasa positiboak dituen ondoz ondoko hirugarren hiruhilekoa dela nabarmendu du Eustatek.

Aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatzen bada, aldiz, EAEko BPG %2,9 jaitsi da. Edonola ere, 2020ko azken hiruhilekorako zenbatetsitako urte arteko atzerakada handiagoa izan zen, %7,6koa, hain zuzen.

Bestalde, enplegua %0,5 gehitu da 2021eko lehen hiruhilekoan, aurrekoaren aldean, dedikazio osoko baliokidetzako lanpostuetan neurtua. Aurreko urteko laugarren hiruhilekoan enpleguak ez zuen aldakuntzarik izan hiruhileko artean.

Joan den urteko hiruhileko berarekin alderatuta, ordea, enpleguan %2,1eko atzerakada zenbatetsi da. Aurreko urte arteko jaitsiera, 2020ko azken hiruhilekoan zenbatetsitakoa, nabarmenagoa izan zen, %6,3koa, alegia.

Eustatek ekainaren 4an argitaratuko ditu 2021eko lehen hiruhilekoko hiruhileroko kontuetan BPGren eta enpleguaren zenbatespen bereiziak, astelehen honetan emandako aurrerapena egiteko unean eskuragarri ez zegoen informazio koiunturala sartu ondoren.