Euskadiko BPG %2 eta enplegua %2,1 gehitu dira urteko bigarren hiruhilekoan, aurrekoaren aldean

Archivo - Industria langile bat
CAF - Archivo
Actualizado: viernes, 17 septiembre 2021 10:28

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Barne Produktu Gordina (BPG) %2 eta enplegua %2,1 gehitu dira 2021eko bigarren hiruhilekoan, aurrekoaren aldean. Iazko epealdi berarekin alderatuta, BPGk %18,6ko hazkundea izan du, eta enpleguak %16,6koa, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.

Eskaintzaren ikuspuntutik, balio erantsiaren suspertzea esanguratsua izan da sektore guztietan bigarren hiruhilekoan urte arteko terminoetan. Lehen sektoreak termino errealetan izan duen balio erantsiaren gorakada %7,8koa izan da 2020ko hiruhileko beraren aldean, eta hiruhileko arteko aurrerapena %10,8koa izan da.

Industrian balio erantsiak %30,2 egin du gora, eta manufaktura industriak %33,1eko igoera izan du. Gorakada horiek, termino absolutuetan, 2020ko bigarren hiruhilekoan industrian eta manufaktura industrian antzemandako %26,2ko eta %27,3ko urte arteko jaitsierak gainditzen dituzte. Lehen hiruhilekoaren aldean, industriak %0,9 egin du
aurrera, eta manufaktura industriak %1,9.

Eraikuntzan ere urte arteko aurrerapen esanguratsua izan du: 2021eko bigarren hiruhilekoan balio erantsiaren hazkundea %11,5ekoa izan da. Urte arteko hazkuntza horrek balio erantsiaren %2,9ko beherakada dakar, aurreko hiruhilekoaren aldean.

Zerbitzuen jarduera globala urteko bigarren hiruhilekoan aurreko urteko hiruhileko berean izandakoa baino %15,5 handiagoa izan da, eta %2,1 suspertu da lehen hiruhilekoaren aldean. 2020ko bigarren hiruhilekoan zerbitzuetan zenbatetsitako atzeraldia hiruhileko honetan zenbatetsitako suspertzea baino handiagoa izan zen, %17,8koa aurreko urteko aldi beraren aldean.

Zerbitzuen sektorean jardueraren berraktibatzeak zenbait intentsitate izan ditu. Merkataritza, ostalaritza eta garraioak balio erantsiaren %26,1eko igoera izan du aurreko urteko bigarren hiruhilekoaren aldean, eta aurreko hiruhilekoaren aldean %9,3 hazi da.

Gainerako zerbitzuen adarrak ere -higiezinen eta profesionalen jarduerak, zientifikoak eta teknikoak, finantzarioak eta aseguruetakoak- suspertze esanguratsua izan du (%17,3ko hazkuntza), aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, aurreko hiruhilekoaren aldean izandako
%1,9ko atzeraldia gorabehera.

Administrazio publikoaren, hezkuntzaren, osasunaren eta gizarte zerbitzuen adarra izan da egonkorrena azken urtean. Aurreko hiruhilekoaren aldean %1,5 aurrera egin ondoren, pixka bat areagotu da haren balio erantsiaren etengabeko hazkuntza, eta hiruhileko honetan, urte arteko hazkuntza tasa %3,1ekoa izan da.

ESKARIA

Bestalde, eskariaren aldetik, 2020ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta izan den suspertzea ere handia izan da makromagnitude guztietan, administrazio publikoen amaierako kontsumoaren gastuan izan ezik, portaera positibo neurritsuagoa izan baitu.

Etxeetako amaierako kontsumoaren gastuak eta kontsumo pribatuaK urte arteko %22,6ko hazkuntza izan dute. Bilakaera positibo hori lortu da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta %7,1eko suspertzea ikusi ondoren.

Administrazio publikoen amaierako kontsumoaren gastuak (kontsumo publikoa) ere portaera positibo esanguratsua izan du, urte arteko terminoetan, baina neurritsuagoa gainerako makromagnitudeetan baino, zeina %5,2koa baita, hiruhilekoen arteko %3,0ko hazkuntzaren ondoren.

Kontsumo publikoaren eta pribatuaren baterako bilakaerak Amaierako kontsumoaren gastuaren %18,1eko urte arteko hazkuntza zehazten du, eta urteko lehen hiruhilekoarekin alderatuta %6,1eko hazkuntza dakar.

Inbertsio edo kapital eraketa gordinean, urte arteko suspertzea %21,4koa izan da, aurreko urteko hiruhileko berean zenbatetsitako urte arteko atzeraldia baino pixka bat baxuagoa (%23,2). Inbertsioa, oro har, urteko lehen hiruhilekoan baino %1,7 baxuagoa izan da.

Ekipo ondasunen inbertsioak %41,3ko gorakada izan du, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, eta hiruhileko artean %1,6ko suspertzea egon da. Gainerako kapital eraketa gordinean, zeina eraikuntzaren bilakaerari lotuago baitago, urte arteko hazkuntza %11,2koa izan da, urteko lehen hiruhilekoan baino %3,7 handiagoa.

Barne eskariak, zeina amaierako kontsumoaren gastuak eta kapital eraketa gordinak eratzen baitute, oro har, urte arteko %18,9ko aurrerapena izan du.

ENPLEGUA

Enplegua dedikazio osoaren baliokide diren lanpostuetan neurtuta %16,6 suspertu da 2021eko bigarren hiruhilekoan, aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, eta %2,1 aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, hau da, dedikazio osoarekin baliokideak diren beste 19.000 lanpostu inguru gehiago.

Lehen sektoreak enpleguaren bilakaera positiboa izan du: %4,1 egin du gora 2020ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta eta %3,8 hiruhileko artean. Industrian, lanpostuen urte arteko hazkundea %15,6koa izan da, baina aurreko hiruhileko zifra baino %0,3 baxuagoa izan da.

Eraikuntzan ere enpleguaren bilakaera positiboa izan da, bai urte arteko terminoetan (%17,8ko igoera) bai hiruhilekoen artekoetan (%7,1eko igoera). Azkenik, zerbitzuetan dedikazio osoarekin baliokideak diren lanpostuen kopuruak %17,0 egin du gora urte arteko terminoetan, eta hiruhilekoen artean %2,3.